Otiñanotik Kostalera ingurura joango dira asteburuan Pagoetakoak

Zarauzko hitza 2019ko martxoaren 18a

Nafarroa mendebaldean egingo dute txangoa datorren asteburuan Pagoeta Mendizale Elkartekoek.

Martxoaren 24ean, Berrotza haraneko Otiñano herritik abiatuta, Nazarrera iritsiko dira, eta bertan, eguraldiaren arabera, bi bide desberdin har ditzaketela azaldu dute Pagoetakoek.

Eguraldi baldintzak egokiak badira, talde txiki bat Kostalera gailurrerantz abiatzea da aukeretako bat. Azaldu dutenez, zailtasun apur bat duen sei kilometroko tartea dago bidean. "Leku batzuetan bide garbirik ez dago eta ezpel artean ibili behar da. Gainera, tarte batzuk lau hanketan egin behar direnez, ez da gomendagarria talde handiak egiteko". Talde txikia gailurrerantz abiatu eta talde nagusia, Kostalera gailurraren azpiko maldatik artadian barrena doan pista jarraituz Kanpezurako bidegurutzera iritsiko da.

Eguraldiak ez badie mendizaleei hainbeste laguntzen, Ioar gailurrera igotzeko aukera izango dute. Bertan hasiko da Kodesko Santutegirako bidea.

Amaitzeko, Otiñanora bueltan joango dira, lau kilometroko bidea eginez.

Txangoan izena emateko ostirala baino lehen egin beharko da Mendizabal kinkila dendan. Irteera, ohi bezala, 07:30ean izango da, Agoüeseneko biribilgunetik.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide