Kuadrillari egindako Inaxio 'Isasti'ren bertso sorta

Zarauzko Hitza 2019ko martxoaren 18a

Inaxio Uria Isastik kuadrillei buruzko ondoko bertso sorta idatzi du:

Doinua: Konplize ditut eta

1.

Gizon ta emakume
argalak, gizenak
motzak ala luzeak
arinak, herrenak
politak itsusiak
purtzil ta lerdenak
kuadrillak batzen ditu
aniztasun denak

2.

Burusoil ile zuri
motzak ta melenak
beltzaranak zuriak
margotzen direnak
ipurtandiak edo
txikia dutenak
kuadrillak batzen ditu
aniztasun denak

3.

Hirurogeita hamar
urte dituenak
hamabi gutxiagoz
dabilen azkenak
tartean sortzen diren
pozak eta penak
kuadrillak batzen ditu
aniztasun denak

4.

Finak, delikatuak
ta astakirtenak
isilak, diskretoak
ahoberoenak
umoretsu, serio
jarrera dutenak
kuadrillak batzen ditu
aniztasun denak

5.

Antolakuntza zale
edo geldoenak
eskuzabal sanoak
ordaintzen azkenak
solidario petoak
berekoi zekenak
kuadrillak batzen ditu
aniztasun denak

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide