Urola Kostako Udal Elkarteak ikastaro berri bat jarri du martxan. Hain zuzen, pertsona ekintzaileei eta mikroenpresetako enpresariei bideratutako enpresa kudeaketa orokorrari buruzko ikastaroa.
Helburu nagusia da ekintzaile nahiz enpresariei beren ideia edota enpresei buruzko hausnarketa sustatzea. Aldi berean, kudeaketa eraginkorrago bat lortzeko bidean, hainbat erreminta eskainiko zaizkie parte hartzaileei. Guztira, hogei orduko prestakuntza eskainiko dute UKUEren egoitza nagusian. Saioak martxotik maiatzera bitartean eskainiko dira; asteazken goizetan, 09:30etik 13:30era. Lau orduko bost saiotan antolatu dute ikastaroa. Saio bakoitzean prestakuntza-modulu bat eskainiko denez, aukera izango da ikastaro osoa egiteaz gain, moduluka izena emateko.
Hona hemen prestakuntza ikastaroaren gaitegia, saioz saio:
- 1. saioa, martxoaren 13an: Negozio plana. Zer da eta zertarako balio du? Planifikazioaren garrantzia eta jardueraren antolakuntza eraginkorra.
- 2. saioa, martxoaren 20an: Forma juridikoak eta eratzeko izapideak.
- 3.saioa, apirilaren 3an: Jardueraren kudeaketa eta kontrol ekonomikoa egiteko erremintak.
- 4.saioa, apirilaren 10ean: Ogasunarekiko betekizunak: BEZ eta PFEZ.
- 5.saioa, maiatzaren 8an: Lan arloa. Autonomoen erregimena berezia. Erabiltzen diren dokumentuak.
Ikastaroan izena emateko edo informazio gehiago jasotzeko Urola Kostako Udal Elkartean bertan egin daiteke, 943-89 08 08 telefono zenbakira deituta edo jpino@urolakosta.eus helbide elektronikora idatzita.