Atzo izan zen Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna. Horren harira, udaleko Parekidetasun sailak martxoaren 7ko goizaldean Zarauzko eraikinetako hormetan emakumeak leihoetatik ateratzen irudikatzen dituzten zortzi mural jarri zituen.
"Aire freskoa, berritzailea" bilatzen dutela adierazi dute ekintzaren bidez. Muraletako emakumeak "hormetan leihoak irekitzen" eta "hara! Emaume ausart gehiago" esanez agertzen dira.
Udalak jakinarazi duenez, Gizarte Zerbitzuen atzealdean kokatutako kartela modu iraunkorrean utziko dute bertan. Horren bidez, Parekidetasun Sailak "egun berean jaio eta hiltzen diren ekitaldiak" saihestu nahi zituen: "Normalean, Martxoaren 8an edo Maiatzaren 17an sentsibilizazio kanpaina zehatzak egiten dira, baina Zarautzen gizonen eta emakumeen berdintasunaren alde lan egin behar dugula gogorarazteko elementu finko bat eduki nahi genuen urte osoan. Betiko egongo den elementu iraunkor bat, ez Martxoaren 8an ikusgai egon eta hurrengo egunean dagoeneko egongo ez den bat", adierazi du Gloria Vazquez Parekidetasun zinegotziak.
Martxoaren 7an ekimena egin zuten leihoetatik ateratzen irudikatutako emakume horien egitasmoa sakonago ezagutarazteko. Maria Jesus Tomas erizain erretiratuak eta Arantza Zubizarreta Geografia eta Historiako Bigarren Hezkuntzako irakasleak aurkeztu zuten ekitaldia. Ainhoa Alberdi aktore, sortzaile, irakasle eta psikologo zarauztarrak dantza baten bidez jantzi zuen ekitaldia.
Argazkiak: Hasitago komunikazioa