75 urteko historia, hormetan izoztua

Zarauzko Hitza 2019ko martxoaren 7a

Udaleko eta Zarautz Kirol Elkarteko ordezkariak izan dira erakusketaren inaugurazio ekitaldian. (Amaia Urbieta Arruti)

Gaur inauguratu dute Sanz Enea kultur etxeko erakusketa gelan Zarautz Kirol Elkartearen argazki erakusketa. 75 urte betetzen ditu aurten elkarteak, eta irudietan elkarteko kirol sail desberdinetako irudi zaharrak zein berriak ikusteko aukera dago.

Zarauzko Udaleko ordezkariak, Esteban Collantes kirol elkarteko lehendakaria eta zenbait sailetako ordezkariak izan dira erakusketaren inaugurazioan. Collantesek azaldu du Kirol Elkarteak ahalbidetuko badu kirola egitea herritar denen eskura egotea, funtsezkoak direla bi oinarri: boluntarioak eta instituzioen gertutasuna, kasu honetan, udalarena.

Udalaren laguntzarik gabe kirola egiteko lizentziak askoz garestiagoak liratekeela azaldu du Collantesek. "Udalaren eta Elkartearen arteko elkarlana mantentzea oso garrantzitsua da, denek kirolaz gozatzeko aukera izan dezaten", azaldu du. Boluntarioek egiten duten lana ere azpimarratu nahi izan du elkarteko lehendakariak: "gaur egun ez da erraza denbora besteei eskaintzen dien jendea topatzea, trukean ezer jaso gabe".

Xabier Txurruka alkateak ere hitz batzuk esan ditu agerraldian. Zarautz Kirol Elkartearen lana eskertu eta goretsi du, eta udalak "horri erantzun" behar diola azaldu du. "Zarautz gaur egun horrelakoa baldin bada, hein handi batean Zarautz Kirol Elkartea bezalako erakundeak bizi bizirik ditugulako da. Horregatik, gure laguntza eta babesa behar baduzue, beti izango duzue". 

Azkenik, bai Collantesek baita Txurrukak ere, zarauztar guztiak gonbidatu dituzte erakusketara bertaratzera eta topa daitezkeen harribitxiez gozatzera. Erakusketa gaurtik apirilaren 7ra arte egongo da ikusgai.

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide