Gizarteak mezu argia jaso zuen 2018an, Mugimendu Feministak emakumeei martxoaren 8rako egindako lan-etenaldiaren deialdiari eman zitzaion erantzunaren aurrean: kaleak bete ziren, eta elkarlan-sareak sustatu ziren, argi eta garbi adierazteko emakumeek aukera-berdintasuna erreklamatzeko abian jarrita zuten borrokak ez zuela atzera bueltarik.
2019an, indarrean jarraitzen dute emakumeen aldarrikapenek, Bizitzak erdigunera! lelopean. Aurten ere, kaleak hartuko ditu emakumeen bizitzak jasangarri, libre, askotariko eta duinak izateko eskaerak. Beharrezkoa da emakumeen lan-prekarietatea eta pobrezia salatzea, indarkeria matxista guztien aurka egitea eta bazterkeria eta arrazakeriari uko egitea.
Gure udala lanean ari da emakumeei eragiten dieten zapalkuntza eta diskriminazio sistema guztiak desagerrarazteko, eta, ildo horretan, emakumeok planto egitea eta Bizitzak Erdigunean jartzea ere erreklamatuko dugu.
Baina zer esan nahi du horrek?
Bai lan ordainduak bai ordaindugabeak beharrezkoa badira ere bizitza sostengatzeko, espazio pribatutik atera behar ditugu nagusiki emakumeoi egokitu zaizkigun zaintza-lan guztiak; horrek esan nahi du etxeko lanen eta zaintza-lanen ardura sozializatu egin behar dela, eta gizonek zein erakunde eta entitate publikoek ardura zuzena hartu behar dutela.
Estrategikoa eta funtsezkoa da denboraren erabilera orekatzea, berdintasun-politikak eraginkorrak izateko. Berdintasunaren Europako Adierazleen artean dauden erreferentzia-esparruen artean, Denboraren esparruan esku hartzen bada, ikusi da horrek aldaketak dakartzala Boterearen, Ezagutzaren, Diruaren eta Enpleguaren arloetan.
Aurrekari horiek aintzat hartuta, Zarauzko Udalak erabaki hauek hartzen ditu:
-
Zarauzko Udalak ardura hartzen du berdintasun erreala eta eraginkorra bermatuko duten politika publikoak aurrera eramateko, eta behar diren baliabideak jarriko ditu horiek martxan jartzeko.
-
Zarauzko Udalak ardura hartzen du zaintza-lanak bere politika publikoen erdigunean jartzeko.
-
Zarauzko Udalak aurreko bi konpromiso horien gaineko proposamen zehatza egiteko ardura hartzen du, urtebeteko epean, baliabideak, epeak eta ardurak zehaztuta, eta, halaber, mugimendu feministarekin eta emakumeen elkarte eta kolektiboekin batera egin beharreko jarraipena jasota.
-
Zarauzko Udalak hitz ematen du aurrekontuetan partida bat sortuko duela, udal aurrekontuak egiteko eta ebaluatzeko lanetan genero ikuspegia txertatzeko, udal honetako berdintasun planean jasota dagoen moduan.
-
Zarauzko Udalak bat egiten du Mugimendu Feministak deitutako grebarekin, eta erraztasunak emango dizkie udal hautetsi eta langile emakumeei grebarako duten eskubidea baliatzeko.
Azkenik, herritarrei dei egiten zaie, Mugimendu Feministak, Emakumeen Nazioarteko Eguna dela-eta, martxoaren 8rako antolatu dituen mobilizazioetan aktiboki parte hartzeko.