Kanpotik datozenei ongietorria egiteko harrera gida aurkeztu dute

Amaia Urbieta Arruti 2019ko martxoaren 6a

Besteak beste,  Zarauzko Udalak "bizilagun berriei harrera egiteko" martxan dituen baliabideez informatzeko tresna da harrera gida. Erroldatzen direnean jasoko dute zarauztar berriek.

2015ean plazaratutako ongietorri gida "eguneraturik" aurkeztu dute udaleko Gizarte Zerbitzuetako arduradunek. Liburuxka elebitan idatzia dago, eta bertan, udalak kanpotik datozenen etorrera "xamurtzeko" martxan jarritako programak eta egitasmoak bildu dituzte. Horrez gain, udal baliabideei buruzko informazioa eta edukitzea komenigarria den hainbat telefono zenbaki ere jaso dituzte. Iratxe Zorrozua Immigrazio zinegotziak azaldu du "aberasgarriak" direla Zarautzentzat migrazioak. "Gure herria historiako hainbat unetan izandako migrazio mugimenduen ondorio da. Horiek gure herria aberastu dute, eta hala egiten jarraitzen dute".
   
2015ean plazaratutako harrera gidarekin alderatuta, oraingoa "motzagoa eta zehatzagoa" egin nahi izan dutela azaldu du Julen Aranguren Gizarte Zerbitzuetako udal teknikariak. "Askotan informazio gehiegi eman nahi izateko joera daukagu, baina oraingoan, ahalik eta praktikoena izan dadin nahi dugu".

Bizilagun berri gehiago

Arangurenek baieztatu duenez, "krisi garaian bestelakorik esaten bazen ere, bizilagun berriek etortzen jarraitzen dute". Egun, Zarautzen atzerritar jatorria duten biztanleen %42a azken bost urteetan etorritakoa da. Horregatik, zenbait adituk arreta integrazioan jarri behar dela badio ere, Arangurenek ohartarazi du harrera behar-beharrezkoa dela.  "Etortzen jarraitzen dute eta jarraituko dute, gizarte zaharra daukagulako eta beharra izango dugulako gure gizartea gaztetzeko".

Zarautzera bizitzera datozen atzerritarren gehiengoa latinoamerikarrak izan ohi dira; gehienak, Nikaraguatik etorriak. "Bertako egoera politikoa zein den ikusita, gero eta gehiago datoz bertatik". Kolonbiatik eta Brasildik ere etorri ohi dira, Arangurenen arabera. Udal teknikariak harreraren garrantzia azpimarratu du, "bizilagun berriak hobeto integratzeko eta denon artean herri kohesionatu bat osatzeko".

Antzeko tamaina duten inguruko herriekin alderatuta,  Zarautzek immigrazio bajua daukala azaldu dute agerraldian. Herritarren jatorria kontuan hartuta, biztanleriaren %7a da immigrantea. Donostian, esaterako, ehuneko hori %10ekoa da, Hernanin %10ekoa, eta Ordizian (inguruko altuena), %17,5ekoa. "Datuen arabera Zarautzen immigrazioa baxua da eta latinoamerikarra. Ez daukagu ez pakistandarrik ez Magrebetik etorritakorik".

Zarauzko Udalak harrera hori bultzatzeko hainbat egitasmo ditu martxan gaur egun: euskara harrera ikastaroa, aholku zerbitzua paperen inguruan, adin
txikikoentzako hainbat egitasmo...

Kanpotik datozen bizilagunek Zarautzen erroldatzen direnean eskuratzen dute harrera gida. Caritasen eta Udal Gizarte Zerbitzuetan ere eskuratu daiteke, eta dagoeneko Zarautzen erroldatuta dagoen norbait gida eskuratzeko interesaturik balego, berriz, Herritarren Arreta Zerbitzuan edo Gizarte Zerbitzuetan eska dezake.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide