Martxoaren 8ko greba feministari begira, Zarauzko hainbat gizonek "zaintza sarea" ehuntzeko prozesua abiatu dute, greba egunean zaintza gune bat irekitzeko: "Mugimendu Feministatik egindako deialdiari jarraiki, greba babesteko asmoz, zaintza lanez arduratuko gara, emakumeek* greba egin dezaten".
Gauzak honela, ostiral honetan Putzuzulo gaztetxean irekiko dute haurrei zuzendutako zaintza gunea, 16:00etatik 20:30era. Goiko gelak haur gazteenentzat egokituko dituzte, eta beheko zatian, musika txokoa eta margoketarako txokoa izango dira. 17:30ean jatekoa eskainiko dute.
Zaintza sarea osatzen
Bi txandatan antolatuko dira zaintza guneaz arduratuko diren gizonak: 16:30etik 18:30era izango dira batzuk, eta 18:30etik itxi arte besteak. Greba feminista "babestu" nahi izanez gero, zaintza sarean izena emateko gonbidapena luzatu dute, email bidez (zaintzasarea@gmail.com).
Bestalde, emakumeei dagokienez, zaintza sarearekin harremanetan jartzeko dei egin diete saretik: "Greba egunean izan ditzakezun beharrak bilduko ditugu eta gizonen artean banatuko ditugu, zuk mobilizazioetan parte hartu ahal izateko". Email helbide berdina baliatuko dute emakumeen eskaerak jasotzeko (zaintzasarea@gmail.com).
Ostegun honetan, martxoak 7, zaintza gunea antolatzeko azken bilera egingo dute, 19:00etan Putzuzulo gaztetxean.