Kadete mailako Zarauztarra Saria jokatuko dute igandean

Zarauzko Hitza 2019ko martxoaren 4a

Zarauztarra elkarteak otsailean aurkeztu zuen denboraldi honetako taldea. (Onintza Lete Arrieta)

Kadete mailako (15-16 urte) neskek eta mutilek hartuko dute parte lasterketan, eta 51 kilometroko ibilbidea izango da. Izena eman daiteke dagoeneko, Pagoeta tabernan.

Zarauztarra txirrindulari elkarteak kadeteei zuzendutako txirrindulari lasterketa antolatu du iganderako, martxoak 10. XXIX. Zarauztarra Saria jokatuko dute aurten, eta 51 kilometro inguruko ibilbidea izango da.

Zarauzko turismo bulego inguruan (Nafarroa kalea) izango da irteera, 10:30ean. Getariatik eta Zumaiatik pasatu, eta ingurabide goiko biribilgunean ezkerrerako bidea hartuta, Oikia aldera abiatuko dira parte hartzaileak. Muniosoro bidegurutzean eskuinerako bidea hartu eta Iraetaraino joango dira, eta jarraian, Arroarako bideari helduko diote. Txikierditik pasatuta, Zakila bira egingo dute berriz (Oikia, Muniosoro, Iraeta Arroa), eta bigarren itzulia osatzean, Txikierdi goiko biribilgunean ezkerrerako bidea hartu eta Zumaiatik eta Getariatik pasatuko dira berriz. Zarautzen izango da helmuga, irteera marra berdinean.

Antolatzaileen arabera, kadete mailako (15-16 urte) neskek zein mutilek hartuko dute parte lasterketan, eta izen-ematea ireki dute dagoeneko. Txirrindularien kirol zuzendariek Zarauzko Pagoeta tabernan egin beharko dituzte inskripzioak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide