Ikei enpresa kontratatu zuen udalak bakarrik bizi diren hirugarren adineko zarauztarren inguruko ikerketa egiteko. Emaitzak atzo goizean deitutako bilera irekian aurkeztu zituzten, 70 lagun ingururen aurrean. Haien artean zeuden, besteak beste, EAJ, EH Bildu eta Irabazi Zarautz udal taldeetako zinegotzia. Ikerketaren helburua da adineko pertsonen egoera soziala ezagutzea eta pertsona horiei izan ditzaketen arazoei aurre egiteko udalak dituen baliabideen inguruko informazioa erraztea.
Azaldu dutenez, guztira, 75 urtetik gorako 554 zarauztar bizi dira bakarrik eta haietako 238k erantzun dute inkesta. Galderak, besteak beste, osasunari, egunerokoari, alderdi emozionalari eta eros ahalmenari buruzkoak izan dira. Alderdi desberdinak kontuan hartuta, adineko zarauztar gehienek positiboki baloratzen dute beren bizi kalitatea. Bada, ordea, ongizate maila askoz baxuagoa daukan gutxiengo portzentaia bat, eta horretan jarri nahi izan dute arreta ikerketaren emaitzak azaltzean. Galderei erantzun dien %15ak osasun arazoak direla eta bizitz autonomoa egin ezin duela dio, eta %9ak ezin du etxetik atera ere egin. %14ak, berriz, zahartzaroari eta bakardadeari lotutako arazo emozionalak dauzkala erantzun du. Udalari gomendio batzuk egin dizkio Ikei enpresak ondorioetan oinarrituta. Komunikazioa hobetzeko gomendatu diete, egun adinekoek eskuragarri dituzten baliabideak hobeto ezagutu ditzaten. Horrez gain, etxeetako bisitak gehitzea, zahartze aktiboa lantzea edo bakardadearen arazoari aurre egiteko neurriak hartzea gomendatu diete.
Arkitektura eta pentsioak
Galderen txanda iristean, irisgarritasunaren gaia eta pentsioena atera dira mahai gainera. Ikerketaren arabera, etxeetako irisgarritasun arazoak ez die herritar askori eragiten, baina bertaratutakoek adierazi dute herriko zenbait kale eta establezimendutan mugitzeko arazoak dituztela.
Pentsioei buruz ere galdetu dute, izan ere, emaitzek diote gehienek ez dutela diru arazorik. Batazbesteko pentsioa 1.024 eurokoa den arren, emakumeen kasuan 969 eurora jaisten da zifra hori, eta %16ak 700 euro baino gutxiago jasotzen du hilean. Horren aurrean, udalak eskaintzen dituen dirulaguntzak eska ditzaketela azaldu dute ikerketaren arduradunek.
Bestalde, Jesus Arana zinegotziak azaldu du ikerketaren emaitza osoak eskuragarri daudela herritar guztientzat. "Garatzen ari garen webgune berrian eskuratzeko aukera egongo da, eta HAZ-era joz gero, bertan egin daiteke informazioa lortzeko eskabidea".