Brasilen jokatu berri duten Oi Hang Loose Pro surf txapelketan bosgarren postua eskuratu du Aritz Aranburuk. World Surf League-ren barruan, QS6000 mailako proba izan da, 6.000 puntukoa, alegia. 2007. urtean lehenengo postua eskuratu zuen bertan zarauztarrak, eta aurten, Jadson André eta Yago Dora gailendu dira.
Otsailaren 19an abiatu zuten lehiaketa, Fernando de Noronha irlan. Errondak pasatzen hasi eta bosgarrenera iristea lortu zuen Aranburuk. Bosgarren errondan Miguel Tudela peruarrarekin neurtu zituen indarrak, eta final laurdenetarako sailkatu zen. Dena den, Italo Ferreira brasildarra nagusitu zen final laurdenetako mangan, eta 18.20 punturekin, finalerdietan sartu zen. Aranburuk, beraz, bosgarren postua eskuratu zuen.
Zazpigarren QS sailkapenean
Indartsu hasi du denboraldi berria Aranburuk, eta Oi Hang Loose Pro-n irabazitako 2.650 puntuei esker, une honetan, zazpigarren postuan dago mundu mailako Men's Qualifying Series sailkapenean, Italo Ferreirarekin berdintuta. Momentuz, guztira, 3.550 puntu lortu dituzte bi surflariek.