Zarauzko ikastetxe guztietako ordezkariek, berritzeguneak eta udaleko Parekidetasun Sailak bat egin dute Martxoaren 8an, Emakume Langilearen Egunean, deitutako greba feministarekin. "Greba eskubidea erraztu nahian", ikastetxeekin elkarlanean prestatutako ekitaldia martxoaren 7an egingo dute, 11:00etan, Lege Zaharren enparantzan.
Aurtengoan ere, balkoietan eskegitzeko banderolak eskuratzeko aukera izango da martxoaren 5ean Herritarren Arreta Zerbitzuan, doan. Horrez gain, ikastetxeak ere pankartaz apainduko dituzte. Apainketen hariari helduz, martxoaren 7an, 18:00etan Gizarte Zerbitzuen eraikinean mural bat jarriko dute, eta Gloria Vazquez Parekidetasun zinegotziak jakinarazi duenez, "sorpresatxoa" ere izango da.
Egitasmoaren berri emateko gaur egindako agerraldian Zarauzko ikastetxe desberdinetako ikasleak ere izan dira, eta ondoko manifestua irakurri dute denen artean:
"Hemen gaude Zarauzko ikastetxeak: Monte Albertia, La Salle, Lizardi, Orokieta, Salbatore Mitxelena, Antoniano, Otetitza eta, baita Zarauzko Udala ere. Bestalde, gure inguruan, Orion, Orioko Ikastola eta Zaragueta ikastetxeak ere hartzen dute parte.
Mugimendu feministak, Martxoaren 8an, emakumeen greba antolatu du. Hori kontuan hartuta eta Martxoaren 8ari begira mugimendu feministak dituen egitasmo eta aldarrikapenak ez oztopatzearren, Hezkidetza Foroak, ekintza bateratua martxoaren 7an egitea erabaki du. Gainera, ekintza honekin ere martxoaren 8ko eguna indartzen dugu.
Ikasle orok bat egiten dugulako berdintasunaren mezuarekin, eta berdintasunarekin denok irabazten dugulako. Aukera berdintasunean oinarritutako jendarte bat aldarrikatzeko, emakumeen funtsezko giza eskubideak bermatuko dituena eta gizarte parekide bateko oinarriak finkatuko dituena.
Aukera berdintasunean bizitzen ikasi egiten da, hau, honela, egunerokotasunean landu beharrekoa da. Hezkidetzan, hezkuntza komunitate osoak bat egin behar du, guziok, ikasle guztiok, inolako esterotipo eta bereizketarik gabe, gure konpetentziak gara ditzagun eta gure bizi proiektua eraikitzeko hautua egin dezagun.
Martxoak 8rako baliabide didaktikoak izaten ditugu. Egunaren historia, garrantzia, emakumeek berdintasunaren bidean egindako ibilbidea eta berdintasunaren gaia izaten ditugu langai".
Ikus-entzunezkoen presentzia
Borroka feministarekin lotutako hainbat ikus-entzunezko eskainiko dituzte datozen egunotan Modelo aretoan. Bihar, osteguna, 19:00etan Raketistas dokumentala eskainiko dute eta, ondoren, egileekin solasaldia izango da. Martxoaren 7an, 19:00etan, Liliak dokumentala eskainiko dute. Bertan, Zarauzko hainbat emakumeren testigantzak agertzen dira. Ikus-entzunezko bera emango dute martxoaren 14ean, baina gazteleraz.