Abbaren erritmora, ate joka dira Inauteriak

Amaia Urbieta Arruti 2019ko ots. 25a, 11:39

Ostiralean eman zuten antolatzaileek aurtengo Inauterien berri. (Amaia Urbieta Arruti)

Zarauzko Udalak egitarau zabala antolatu du Inauteriak ospatzeko. Asteburu honetan, Marisa Merino dantza eskolakoek zuzendutako konpartsa izango da protagonista.

Hirugarren urtez, konpartsa izango da udalak inauterietarako prestatutako egitarauaren protagonista. Aurtengoan, Abba izango da gaia. Suediako taldearen erritmoak jarraituz, 200 zarauztar ibiliko dira Alde Zaharreko kaleetan zehar; 175 emakume eta 25 gizon.

Konpartsaz gain, beste hainbat ekitaldi ere prestatu ditu udalak Inauteriak ospatzeko. Esaterako, Xabier Txurruka alkateak aurreratu duenez, sorpresa bat izango da larunbatean, txupinazoan, TTAK teatro konpainiaren eskutik.

Egitaraua:

Martxoak 1, ostirala. Umeentzako puzgarrien parkea, arratsaldez

Martxoak 2, larunbata.

12:00. Txupinazoa Modelo aretoko balkoitik. Ondoren, txaranga eta kalejira

17:30. Abbaren konpartsa, herriko kaleetan zehar.

18:00. DJak eta mozorro lehiaketa nerabeentzat Zinema pilotalekuan.

19:00. Drindots taldea Musika Plazan eta Zurekin Ostalarien Elkartearen mozorro lehiaketa.

20:30. Udaberri elkarteak mozorro dantza egingo du Musika Plazan

21:30. DJ Javi, DJ Davila eta Oihan Vega DJak Zinema pilotalekuan

23:00. Drindots Musika Plazan.

Martxoak 3, igandea.

11:00. Santa Anako konpartsa kaleetan zehar

12:00. Kalejira erraldoi,buruhandi eta txarangarekin.

18:00. Ludotxo ludotekan mozorro lehiaketa.

18:15. Musika Plazan Gau Argi berbena.

Martxoak 6 asteazkena.

Santa Anako kideen eskutik, sardinaren ehorzketa.

Adin eta kolore guztietako konpartsa

Konpartsako kideak azken entseguekin dabiltza egunotan, guztia prest atera dadin. Joana Merino antolatzaileak azaldu duenez, "inoiz baino motibatuago" daude azken egunotan. 10 minutu baino gehiago irauten duen koreografia ikasi behar izan dute parte hartzaileek, eta herritarren prestutasuna azpimarratu du Merinok. Bestalde, nabarmentzekoa da adin guztietako jendea ikusteko aukera izango dela larunbatean. Gazteenak 8 urtetik beherakoak izango dira, eta helduenak, berriz, 70etik gorakoak.

Konpartsaz gain, adin guztietako zarauztarrentzat mozorro lehiaketak izango dira asteburuan. Zurekin Elkarteak antolatuta, 19:00etan kuadrillen arteko mozorro lehiaketa izango da. Aldez aurretik izena eman daiteke Turismo Bulegoan, baita egunean bertan ere, Txiki Polit tabernan. Irabazleek 250 euro irabaziko dituzte, bigarrenek 150 euro eta hirugarrenek 100.

Bestalde, Haize-Orratz gaztelekuak ere hiru sari emango ditu nerabeentzako antolatutako mozorro lehiaketan: banakako mozorrorik onenari, taldekako mozorrorik onenari, eta zuzeukiña saria. Ludotxo ludotekan ere hiru sari banatuko dituzte igandean: taldekakoa, mozorro orijinalena eta makillajerik onena.

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide