Alemaniara bidaia egin dute Lizardiko ikasleek

Zarauzko Hitza 2019ko otsailaren 15a

Otsailaren 16ra arte Alemanian izango dira Lizardiko zenbait ikasle eta arduradun. (Lizardi institutua)

Lizardi institutuan alemana ikasten duten DBHko gazteak Augsburg-en daude, "hizkuntza komunikazioa" lantzeko eta "maila pertsonalean garatzeko" asmoz. "Kultura elkartrukea" helburu duen egitasmoaren barruan antolatu dute bidaia.

Lizardi institutuak duela bi urte jarri zuen martxan "kultura elkartrukerako" programa, Augsburg-eko (Alemania) Peutinger-Gymnasium institutuarekin. Duela bost urte abiatu zuten Lizardin alemana ikasteko aukera, "euskara ardatz izanik", "eleaniztasuna bideragarri egiteko" eta "ikasleen hizkuntza komunikazioa" lantzeko.

Aurten ere Alemaniara bidaia egin dute Lizardin alemana ikasten duten DBHko gazteek, "hizkuntza komunikazioa aberasteko" eta "maila pertsonalean garatzeko" asmoz. Otsailaren 9an joan ziren, eta 16ra bitartean izango dira Alemanian, bertako familiek harreran hartuta. Modu horretan, "beraien bizitzeko eran eta kulturan integratzea" bilatzen dute.

Lizardiko arduradunen esanetan, "hezkuntza, hizkuntza eta kultura" izan ohi dira gaiak programan parte hartzen ari diren kideen arteko elkarrizketetan. "Disziplina edo ikasgai mailako ikasketa izateaz gain, esperientzia aberasgarria" dela gehitu dute: "irakasleen eta ikasleen arteko harremanak, araudiak, ohiturak eta beste hainbat errealitate bizitzeko eta alderatzeko aukera" izan dutelakoan daude.

Besteak beste, Augsburg-en, München-en eta Nördling-en, Harburg-eko gazteluan, Krater eta Fugger-Welser museoetan izan dira zarauztarrak.

Bestalde, Augsburgeko ikasleak eta ikasleak apirilean izango dira Zarautzen. Lizardiko irakasleez gain, ikasleek eta sendiek ere harreran parte hartuko dutela azaldu dute.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide