Aurten Zarautzen izango da Kilometroak jaialdia, urriaren 6an, eta dagoeneko hasi dira motorrak berotzen. Otsailaren 24rako, igandea, Kilometroak Txikia antolatu dute, "euskararen aldeko festa erraldoia".
11:00etan emango diote hasiera zirkuituari, Iñurritzako Bertsolarien plazan. "Jolasez eta sorpresaz betetako ibilbide txiki bat" izango da: besteak beste, erraldoiek, txistulariek eta trikitilariek girotuko dute goiza. Kanpinetik hasi, eta malekoian barrena pasatuta, Lege Zaharren enparantzan amaituko dute ibilaldia. Bertan DJak, pintxo beroak eta edariak izango dira 13:00etatik aurrera, eta baita eskulanak, tailerrak eta jolasak ere.
Bestalde, Txipristinek, Gurutxurtuk eta Haur Kultur Taldeak "Mamorruen bila" jolasa prestatuko dute LH3tik LH6ra arteko gazteentzat. Izena eman daiteke dagoeneko.
Antolatzaileekin harremanetan jartzeko: zarautz@ikastola.eus email helbidea edo 943 831 752 telefono zenbakia.