AECCk hainbat ekintza antolatu ditu Zarautzen Minbiziaren Kontrako Egunerako

Zarauzko Hitza 2019ko otsailaren 2a

Gipuzkoako AECC minbiziaren kontrako elkartearen Urola Kostako ordezkaritzak hainbat jarduera antolatu ditu Zarautzen astelehenerako.

Datorren astelehena, otsailak 4, Minbiziaren Kontrako Nazioarteko Eguna da. Horri lotuta, Gipuzkoako AECC minbiziaren kontrako elkartearen Urola Kostako ordezkaritzak hainbat ekintza antolatu ditu Zarautzen egun horretarako. Besteak beste, astelehenean, 10:30etik aurrera, Kale Nagusian (Merkatu plazaren aurrean) informazio mahaia jarriko dute elkarteko boluntarioek, profesionalek lagunduta. Bertan, minbizia duten pertsonen errealitatea erakusteko materiala banatuko dute. Era berean, AECCk eskaintzen duen doako psikologia terapia zerbitzuaren berri emango dute. Aurten, gaixotasunak alderdi emozionalean eragindako ondorioetan jarriko dute arreta.

Gainera, Zarauzko hainbat merkatarik bat egingo dute AECCren kanpainarekin eta erakusleihoak elkartearen sinboloarekin apainduko dituzte.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide