'Zirkoa eta txotxongiloak' izeneko erakusketa asteartean irekiko dute Sanz Enean, otsailaren 5ean, eta ia hilabetez egongo da ikusgai, martxoaren 3ra arte.
Egunero 18:00etatik 20:00etara zabalduko ditu ateak, baina bisita gidatuak ere egingo dituzte 4-10 urte arteko ikasleekin. Izan ere, erakusketaren helburua da zirkoaren mundua azaltzea, bereziki haurrei.
Txotxongilo guztiak Corrado Masacci artistak egin ditu. Esperientzia eta ibilbide luzea du txotxongiloen munduan. 180 erakusketa aretotan erakutsi ditu bere lanak, hainbat ikastaro eskaini du, eta zenbait film eta antzerkitan hartu du parte bere lanekin. Esaterako, Helena Taberna zuzendariaren Yoyes filmean eta Maskarada antzerki taldearen Gabriel Aresti ikuskizunean.