Suhiltzaileek manifestaziora deitu dute biharko

Zarauzko Hitza 2019ko urtarrilaren 30a

Manifestazioa egingo dute bihar Gipuzkoako suhiltzaileek, Zarauzko parketxetik abiatuta. Hain zuzen ere, biharko udal batzarrean EH Bildu eta EAJ alderdiek suhiltzaileen zerbitzuaren inguruko mozioak aurkeztuko dituzte.

Urtarrilaren 10ean salatu zuen EH Bilduk suhiltzaileek "behar bezalako" zerbitzua eskaini ahal izateko lanpostu berriak sortu beharra dagoela, eta horren inguruko mozioa aurkeztuko du biharko udal batzarrean koalizioak. EAJ alderdiak ere suhiltzaileen zerbitzua indartzearen inguruko mozioa aurkeztuko du. Sare sozialen bidez jakinarazi dutenez, udalari eskatuko diote "Langileon Batzorde eta suhiltzaileen aldarrikapenak babestea".

Gipuzkoako Foru Aldundiaren "kudeaketa txarra" salatu du Langileen Batzoreak, eta azaldu dute suhiltzaileen zerbitzuari "ez diola larrialdietako zerbitzu batek merezi duen arreta jartzen". Horrek, langileen eta zerbitzu hori behar dutenen segurtasuna "arriskuan" jartzen duela ere baieztatu dute. "Oso labur geratzen diren minimoetan egin behar dugu lan". Bestalde, gogorarazi dute azken hilabetean baldintza hauengatik parke bat itxi behar izan dutela, eta beste bi aldiz minimoen azpitik egin behar izan dutela lan. 

Horren aurrean, 48 suhiltzaile plaza berri sortzeko eskatzen diote Foru Aldundiari. "Propaganda egiteari utzi eta egoera iraultzeko neurriak aplikatzen has dadila eskatzen diogu".

Eskaera horiek Zarauzko kaleetara aterako dituzte bihar. 18:00etan Zarauzko suhiltzaileen parketxetik abiatu, eta udaletxearen aurrean amaituko dute manifestazioa.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide