Ikerketan, produktuen iruzurrak atzemateko

Dorleta Agiriano Lai 2019ko urtarrilaren 29a

Elikagaiak eta kontsumorako bestelako produktuak ikertzen ditu Ane Arrizabalaga kimikari zarauztarrak, iruzur praktikak identifikatu ahal izateko metodo analitiko eraginkorrak garatuz.

Ane Arrizabalagak (Zarautz, 1994) Euskal Herriko Unibertsitatean ikasi zuen Kimika gradua, eta azken ikasturtea Texasen (AEB) igaro zuen, ikerketa-talde batean Gradu Amaierako Lana egiten. Jarraian, Kimika Analitikoaren inguruko masterrean espezializatu zen Bartzelonako Unibertsitatean. Elikagaien munduan eta negozioan gertatzen diren iruzurrak landu zituen Master Amaierako Lanean; horretarako, zenbait teknika zientifiko baliatu zituen, hala nola, likidoen kromatografia eta masa espektometria.

Texasen kimika ez-organikoa landu zuen Arrizabalagak, baina helduleku interesgarriagoa iruditu zitzaion elikagaien eta produktu naturalen eremua. "Gai horien lanketak egunerokoan eta errealitatean erabilpena izan dezaketela konturatu nintzen". Beraz, laborategiko lana "gustatu" egin zitzaiola azaldu du; baina, beti ere, lanketa horiek egunerokoan eta egoera errealetan aplikatzeko izan dezaketen ahalmena da kimikariak sakondu nahi izan duena. "Beharbada, horretan datza zientziaren indarra".

Beraz, doktorego-tesia egiteko Kataluniako Generalitatearen beka bat eskuratuta, irakaskuntzarako prestakuntzan murgildu zen Bartzelonako Unibertsitatean bertan: "Horrek ikertzen jarraitzeko eta irakaskuntzan jarduteko ateak ireki dizkit. Klase batzuk ere ematen ditut unibertsitatean".

Gaur egun, ingurumenaren, elikagaien eta produktu naturalen analisiaren arloan aritzen da zarauztarra Bartzelonako Unibertsitateko laborategiko Cecem ikerketa-taldean. Batez ere, elikagaien azterketan egiten du lan Arrizabalagak. "Metodo analitiko desberdinak garatzea da gure helburua, proiektu eta eremu desberdinetan".

Olioen iruzurra

Arrizabalagak elikagaien azterketan aplikatu daitekeen metodo bat izan du ardatz: "Kontsumorako erabiltzen diren produktuetan zein elikagaietan iruzurrak identifikatzeko metodo berriak garatzean datza nire doktorego-tesia, masa espektometria baliatuta". Hain zuzen ere, bere ikerketa-lanen bidez, olioetan iruzurrak identifikatzeko metodo analitiko egoki eta eraginkor bat lantzea izan du helburu. Baita lortu ere.

"Olioekin egiten diren iruzurrak, batez ere, bi izaten dira normalean", azaldu du, "alde batetik, olio desberdinen arteko nahasketak egitea, eta bestetik, koloratzaile bat gehituz, olioari tonu berdexka bat ematea. Modu horretan, produktuak kalitate hobea duela pentsarazten diete kontsumitzaileei, eta ondorioz, produktua garestiago saltzea lortu dezakete hornitzaileek".

Bartzelonako laborategian, espainiar estatuko 65 olio lagin aztertu ditu Arrizabalagak, koloratzaileak azaleratzeko eta nahasketak hautemateko. "Sortu dudan metodo analitikoa gai da olioetan iruzurrak aurkitzeko. Izan ere, frogak egin ditugu olio desberdinak faltsutuz".

Laginak ikertuz, iruzur kasu erreal batzuekin topo egin dute dagoeneko. "Espainiako enpresa batzuetan iruzurrerako teknikei bide ematen zaiela jakin badakigu, eta zenbait ikerketa martxan daude jadanik. Dena den, zaila da praktika horiek gertatzen direla frogatzea. Egunerokoan, iruzurren bidez eskuratutako emaitzak ez dituzte merkatu guztietan txertatzen eta saltzen. Kantitate handietan saldu ohi dituzte, baina ez dira aurkitzeko errazak".

Zerumuga berriak

Kongresu zientifiko desberdinetan hartu du parte Arrizabalagak, besteak beste, Granadan eta Bartzelonan hiru aldiz. 2018. urteko udan, masa espektometriaren inguruko nazioarteko kongresua antolatu zuten Florentzian (Italia), eta bertan ere izan zen. Bere ikerketa-lanak eta emaitzak aurkeztu zituen berak sortutako poster baten bidez, eta baita poster onenaren saria eskuratu ere.

Gaur egun, proiektu eta jopuntu berriei ere heldu nahi die Zarauzko ikerlari gazteak. "Olioaren inguruko lanketa atzean utzi eta gas kromatografia lantzeari ekin diot orain. Teknika desberdinak erabiliz, bestelako iruzurrak identifikatzeko metodo analitikoak bilatu nahi ditut, olioekin egin dudan bezala". Ikerlariaren esanetan, "arlo askotan dira ohikoak iruzur praktikak".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide