Lehen aldiz zuzendu du film luze bat Aranzabalek, eta iazko Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuen, Zinemira sailean. Martxoan izango da lehen aldiz areto komertzialetan ikusteko aukera.
Mikel Urdangarin abeslaria da dokumentalaren protagonista, baina Zornotzako artista bidea da edozein sortzailek buruan dituen gai unibertsalak jorratzeko: sortzetik bizitzearen erabakia, bokazioa, sorkuntzaren prozesua, porrota, bakardadea edo fama. Hala azaldu zion Aranzabalek HITZAri, duela hilabete batzuk.
Dokumentala sortu duen lan-taldean zarauztar gehiago izan ziren, Aranzabalez gain. Argazki zuzendaria Iker Trebiño izan zen, eta gidoia idazteaz, berriz, Aranzabal bera, Martin Etxeberria eta Xabier Etxeberria arduratu ziren.