Hasi dira saretzen Urola Kostako emakumeak Martxoaren 8rako

Zarauzko Hitza 2019ko urtarrilaren 26a

Atzo, ostirala, eskualdeko hainbat emakume elkartu ziren aurtengo Martxoaren 8ko prestaketa lanen inguruan hausnartzeko eta informazioa elkarbanatzeko.

Orio, Zarautz, Zumaia, Zestoa, Azpeitia eta Azkoititik joandako jendea elkartu zen, baina azaldu dutenez, eskualdeko gainontzeko herriekin ere elkarlanean aritzeko asmoa dute aurrerantzean.

Zarautzen kasuan, aurreko astean egin zuten egunari forma ematen hasteko lehen bilera irekia. Bertan, lan talde ezberdinetan banatu ziren, eta bakoitzak bere dinamika eramango duen arren, bi astero elkartuko dira adar ezberdinak koordinatzeko.

Aurreko asteko bilerara azaltzerik izan ez zuenak baina aurrerantzean Emakume Langilearen Nazioarteko Egunaren prestaketa lanetan parte hartu nahi duenak, bfzarautz@gmail.com helbide elektronikora idatzita jaso dezake informazio gehiago.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide