Erretzeari uzteko taldea osatuko dute Zarautzen

Zarauzko Hitza 2019ko urtarrilaren 25a

2018an Gipuzkoako 91 pertsonak jarraitu zuten terapia. (AECC Gipuzkoa)

AECC Minbiziaren Aurkako Elkarteak garatutako laguntza-terapia jarraituko dute bertan, tabakismoan aditua den psikologo baten eskutik. Saioak doakoak izango dira, eta taldekideek zehaztuko dute ordutegia.

Gipuzkoako AECC Minbiziaren Aurkako Elkarteak erretzeari uzteko taldea osatuko du Zarautzen. 2018an Gipuzkoako beste herri batzuetan ere abiatu zuten ekimena, eta guztira, 91 pertsonak erabili zuten zerbitzua. AECC-k garatutako laguntza-terapia landu dutenen artean, %62ak lortu du erretzeari uztea.

Doakoak izango dira Zarauzko saioak, eta ez da beharrezkoa izango da elkarteko bazkide izatea terapian parte hartzeko. Taldea osatzean, kideek zehaztuko dute zein ordutegi jarraitu.

Tabakismoan aditua den psikologo batek gidatuko ditu terapiaren saio guztiak. Maider Sierra AECC-ko psikologo eta prebentzio arloko arduradunaren esanetan, "arrakasta, azken batean, pertsona bakoitzaren araberakoa den arren, frogatuta dago kanpoko laguntza profesionala jasotzeak asko handitzen dituela erretzeari uzteko garaian arrakasta izateko aukerak".

Bestalde, elkartearen Behatokiaren arabera, EAEn bizi diren herritarren %22ak erretzen du gaur egun. Datuek adierazten dute azken 5 urteetan erretzeko joerak behera egin duela; izan ere, 2009an %34ak osatzen zuen erretzaileen ehunekoa.

Zarauzko taldean parte hartzeko interesa dutenak antolatzaileekin harremanetan jarri daitezke, telefono bidez (943 133 236) edo aurrez aurre, Zarauzko Balea kaleko 2. zenbakian dagoen lokalera bertaratuta.

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide