Korrika 2019

21. Korrikako kilometroak erosteko epea ireki dute

Urola Kostako Hitza 2019ko urt. 24a, 13:22

20. Korrika Zarautzen. (Bittor Mutiozabal)

Apirilaren 12an iritsiko da "euskararen aldeko lasterketa erraldoia" Urola Kostako herrietara, AEK-ren eskutik. Korrika Batzordeek bilerak deitu dituzte herriz herri, egitasmoaren berri ematen hasteko eta antolatzeari ekiteko. Urtarrilaren 25ean egingo dute Zarauzko Korrika Batzordearen lehenengo bilera.

AEK-ren eskutik, martxan da 21. Korrika, "Euskal Herri osoan zehar egiten den euskararen aldeko lasterketa erraldoia". Antolatzaileen esanetan, "gure hizkuntzaren aldeko kontzientzia suspertzea eta gau-eskola zein euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua biltzea" ditu helburu egitasmoak.

Apirilaren 4an Garestik abiatuko da 21. Korrika, eta apirilaren 14an helduko da aurtengo helmugara, Gasteizera. "Bi mila kilometro baino gehiago euskararen alde, adin eta mota guztietako milaka korrikalarirekin, gau eta egun gelditu gabe", AEK-ren esanetan. Apirilaren 12an iritsiko da Urola Kostako herrietara, Azkoititik hasita. Hain zuzen ere, honako ibilbidea osatuko dute eskualdean, lekukoa eskuz esku pasatuz:

  • 08:59. Azkoitia
  • 09:34. Azpeitia
  • 10:35. Zestoa
  • 11:33. Zumaia
  • 12:23. Getaria
  • 13:00. Zarautz
  • 13:47. Orio

Hau guztia martxan jarri ahal izateko, AEK-ren Korrika Batzordeek ekin diote herriz herri bilerak deitzeari eta egiteari. Azkoitiko batzordeak atzo egin zuen lehen batzarra, eta egitasmoak herrian egingo duen ibilbideaz aritu ziren hizketan. Datozen egunetarako hainbat deialdi egin dituzte eskualdeko gainontzeko herrietan:

  • Zarautzen, urtarrilaren 25ean, ostirala, 17:00etan AEK Euskaltegian.
  • Zestoan, urtarrilaren 29an, asteartea, 19:00etan Kultur Etxean.
  • Orion, urtarrilaren 29an, asteartea, 18:30ean Kultur Etxean.
  • Azpeitian, urtarrilaren 30ean, asteazkena, 20:00etan Sindikatu Zaharrean.
  • Zumaian, otsailaren 1ean, ostirala, 17:30ean Igor Euskaltegian.

Kilometroak erosteko epea zabalik

Bestalde, Korrikako kilometroen salmenta ere ireki dute jada. Martxoaren 15ean itxiko dute epea, eta AEK-ko kideek jakinarazi dutenez, "Kilometroez gozatzeko gutxiengo ekarpen ekonomikoa 425€-koa da eta edozein eragileri gonbita luzatu nahi diegu kilometroa erostera".

Antolatzaileek gogorarazi dutenez, "Korrikan parte hartzeko moduak askotarikoak dira", eta parte hartzeko dei egin dute.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide