Korrika 2019

Gutuna: 21. Korrikaren antolaketan parte hartzeko dei egin du AEK-k

Zarauzko Hitza 2019ko urt. 17a, 10:40

Urtarrilaren 25ean egingo dute Korrika Batzordearen lehen bilera, eta bertaratzeko deia luzatu diete zarauztarrei. Apirilaren 4an Garestik abiatuko da aurtengo Korrika, eta apirilaren 12an iritsiko da Zarautzera. Hona hemen Zarauzko AEK-k argitaratutako gutuna osorik.

Zarauzko AEK-ren gutuna

"Lagun euskaltzale hori, agur t’erdi:

Jakingo duzunez, aurten Korrikaz gozatzeko aukera izango dugu berriz ere.

2019ko apirilaren 4an Garestik abiatuko da 21. Korrika, apirilaren 14an Gasteiza heltzeko. Bitarte horretan, Zarauztik apirilaren 12an, ostiralean, eguerdiko 13:00ak aldean pasako da.

Eta, hori posible izan dadin, ehunka pertsonak, aurretiaz, lan itzela egiten dugu.

Korrikan parte hartzeko moduak askotarikoak dira. Eta, parte hartzeko asmotan bazabiltza, gaurko gutun honen bidez, gurekin bat egin dezazun eskatzera gatozkizu, horretarako Zarautzen, 2019ko urtarrilaren 25ean, ostiralean, arratsaldeko 17:00etan, AEK-n egingo dugun Korrika Batzordearen lehen deialdira etorrita.

Bertan 21. Korrikaren nondik norakoak eta gure herrian egingo direnak ezagutzeko aukera izango duzu, eta, horrela, nahi izanez gero, herrirako bestelako ekitaldiak proposatzekoa ere bai. Horrez gain, herrian egin beharreko lanak zerrendatu eta banatuko ditugu. Jakin badakigu denok ez ditugula aukera berberak gure ekarpenak egiteko, eta, horregatik, hain zuzen ere, konpromisorik gabe etor zaitezen eskatu nahi dizugu. Bertan entzundakoaren arabera erabakiko duzu, gero, zeure ekarpena zein izan daitekeen; eta, inolako aukerarik izango ez bazenu ere, Korrika geure herrian izango dela ezagutu eta zabal dezazun da gure nahia.

Bestetik, Korrikan zehar kilometroa erosteko informazioa atxikiturik bidaltzen dizuet eta erosi nahi izanez gero, orrialdearen azpian agertzen den kontaktuarekin harremanetan jartzea eskertuko genuke.

Urtarrilaren 25ean, ostiralean, elkar ikusiko dugulakoan...

Ondo izan!".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide