Laja, 40 urte baino gehiago Santa Marinako jaietara etortzen

Onintza Lete Arrieta 2019ko urtarrilaren 14a

Larunbatean hil zen Iñaki Garmendia 'Laja' soinujole azkoitiarra, eta hunkituta hitz egin du berataz Juanjo Esnal Plako Santa Marina auzoko jaietako komisioko kideak. Izan ere, azkoitiarrak harreman handia zuen zarauztarrekin, ia mende erdia baitzeraman festetara etortzen trikitia jotzera.

"Eskerrik asko Laja, Zarauzko Santa Marinako familia guztiaren partetik". Horixe sentitzen dute Santa Marina jaietako komisiokoek. 40 urte baino gehiago zeramatzan Iñaki Garmendia Laja trikitilariak santamarinak alaitzen bere soinuarekin, eta horregatik atzo Azkoitiko bellatokian izan zen ordezkaritza bat. Tartean zen Juanjo Esnal, Plako.

"Laja izan da guretzat instituzio bat. Jendeak galdetzen zigun ea nolatan ekartzen genuen halako soinujotzaile ona. Baina guk deitu, eta hura etorri. Patxi Pelukerok [Juan Luis Larrañaga] jaiak antolatzen zituenetik etorri izan da; nik uste berarentzat berezia zela Santa Marina", esan du Esnalek. "Esaten zuen jendeak dantza egiten zuela Zarautzen, beste toki batzuetan ez bezala". 

Beti maiatzaren 21ean

Maiatzaren 21ean etortzen ziren Laja eta emaztea Santa Marina kaleko jaietara. "Meza 07:00etan bazen, hemen izango ziren 06:45erako. Meza ondoren txokolatea izaten da Kirkillan, eta han gosaltzen zuten, pieza batzuk jo, kalejira egin, jubilatuen hamaiketakoa gero Arkaitzmendi elkartean, han ere beti piezak jotzen...". Santa Ana adinekoen egoitzara ere beti joaten dira festetan, eta baita trikitilariak ere. "Beti prest egoten ziren hangoei bizipoza emateko eta kaleak alaitzeko".

Egun osoa pasatzen zuen Lajak Santa Marinan, Esnalek azaldu duenez: "Gaur egun 20:30ak aldera etortzen zitzaizkion bila emaztea-eta, berak ezin baitzuen gidatu ikusmen arazoengatik, baina garai batean goizaldera arte aritzen ziren trikitiarekin. Pentsa, 07:00etan etorri, eta 03:00ak arte!".

Abesti asko eta asko eskaintzen zituen Lajak, tartean Marina, Marina, Marina, komisiokoek berentzat duten kantu ezaguna. "Despistatuta geundenean, askotan hasten zen hori jotzen Laja".

Trikitiarekin txokoz txoko

"Plazaz plaza ibili izan gara beti kalejiran. Udaletxe barruan, berdura plazan, Eroskin... toki guztietan ibili izan gara Lajarekin". Pare bat bitxikeria ere baditu gogoan Esnalek: "Urte batean sekulako beroa egin zuen santamarinetan; hondartza goraino beteta zegoen. Eta gu malekoian ibili ginen trikitia joz. Jendeak pentsatuko zuen zoratuta geundela, denak guri begira".

Beste batean, asteburua egokitu maiatzaren 21a, eta Eroski itxita zegoenez, beste saltoki batera joatea erabaki zuten. "Hemengo denda txinatarrean sartu ginen bueltatxoa egitera. Zur eta lur gelditu ziren dendariak, eta bideoz ere grabatu zuten gure kalejira!".

Hala ere, Esnalek argi dauka: "Anekdotekin baino, pertsonarekin gelditzen naiz ni. Trikitia beti izan da maite Santa Marina kalean. Laja izan dugula gure artean, munduko trikitilari handiena? Ba bai, gure artean izan da. Horrekin gelditzen gara".

Santamarinetan ez ezik, sanpelaioetan eta Euskal Jai egunean ere Zarautzen izaten zen Laja, eta "Iturbide eta biak beti gerturatzen ziren Kirkillara eta Santa Marinara, pieza batzuk jo eta kasu egitera".

2014an omenaldia

Urte askoan Iturbide pandero-jotzailea ekarri izan du Lajak Zarautzera. Horregatik, 2014an biak omendu zituzten Santa Marinan. "Esker ona adierazteko, koadrotxo bat eman genien biei eta haien emazteei. Esan ziguten: "Hau zer da, despedida?", eta guk segituan esan genien ezetz".

"Larunbatean enteratu ginenean zer gertatu zen, guretzat sentimendu handiko gauza bat izan zen, horrenbeste urte elkarrekin, horrenbeste kontu eta horrenbeste gauza...", zioen hunkituta Esnalek.

Iaz ere santamarinetan izan ziren Laja eta Iturbide. "Santa Marinarekin beti xarma polit bat eduki dute. Beti. Trikitiaren eta Santa Marinaren artean beti egon da lotura polita. Eta dago. Espero dugu egotea oraindik", iritzi dio Esnalek.

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide