Palmiro Haro Alares eskultorea hil da

Zarauzko Hitza 2019ko urtarrilaren 7a

Zarautzekin lotura estua zeukan Palmiro Haro Alares artistak. Gehienbat, eskultura figuratiboak landu ohi zituen, giza irudiak.

Urtarrilaren 5ean hil zen Palmiro Haro Alares eskultorea, Azpeitiako egoitza batean. Zarauzko kaleetan ikus daitezke Haroren eskulturetatik hiru: Eskudero maisuari omenaldia, Basarriri omenaldia eta Aita Epelderen bustoa.

Haurra zela Zarautzera bizitzera etorri zen Haro bere familiarekin. Bertan, 13 urte zituenez geroztik aitarekin egur-tailan jardun zuen lanean, eta Zarauzko Lanbide Eskolan marrazketa ikasi zuen. Soldadutza egin ostean, Parisera joan, eta tallista lanetan jardun zen. Bere tailer txikia ere zabaldu zuen Parisen, eta hala, apurka-apurka eskultura lanak egiten hasi zen.

Suedian lanean bolada bat egin ostean, Parisera itzuli zen, eta Parisko Operan hasi zen lanean, hango eskultura-tailerreko buru. Hamazazpi urteren buruan, Parisko Opera utzi eta Zarautzera itzuli zen. Hementxe bizi izan da oraintsu arte. Azken urteak egoitza batean eman ditu, Alzheimer gaitzak erasanda.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide