Bigarren urtez, "arrakasta itzela" izan du Hotz Zarautzen bigarren eskuko azokak

Zarauzko Hitza 2019ko urtarrilaren 6a

Atzo itxi zituen ateak bigarren eskuko azokak, eta antolatzaileek azaldu dutenez, "espero zutena baino arrakasta handiagoa" izan du.

Atzo arratsaldean Mazako lokalean txukunketa lanetan zebiltzan hainbat boluntario, saldu gabe gelditu zirenak kaxetan gordetzen eta sailkatzen. Pertsona errefuxiatuei laguntzea helburutzat daukan Hotz Zarautz Elkarteak, aurtengoan ere, bigarren eskuko azoka antolatu du Gabonetan.

Antolatzaileen esanetan, aurreko urteko emaitza onak berdindu dituzte aurtengoan. "Aurreko urteko arrakasta itzelaren ondoren, aurtengoan emaitza apalagoak espero genituen, baina berriro ere, jendeak zoragarri erantzun du", azaldu du Hotz Zarautzeko batzordeko kide batek.

Gehien saldu dena arropa izan dela azaldu dute. "Guztiok daukagu arropa soberan, eta guztiok nahi izaten dugu arropa berria. Jende asko etorri da zer dagoen begiratzera, kuriositatez". Altzariak ere dezente saldu dira, baina eskaintza aurreko urtean baino txikiagoa izan da.

Bitxikeria moduan, azaldu dute hiru asteotan buru-belarri lanean aritu diren 50 boluntario ingurutik, ia guztiak emakumeak izan direla. "Hiruzpalau gizonezko soilik izan ditugu".

Antolatzaileek eskerrik beroenak eman nahi izan dizkiete Zarauzko Udalari, boluntario lanetan aritu diren herritar guztiei, objetuak saltzeko eskaini dituztenei eta erostera hurbildu direnei. Baita herriko gainontzeko saltokiei ere, "azkenean, gure azokak beraiei ere esfortzu bat eskatzen baitie".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide