Adin guztietako zarauztarrak kale ertzetan zain zituztela, Bizkaia kaletik abiatu ziren Hiru Erregeak. Oihuka eta ilusioz beterik jaso zituen jendeak Meltxor, Gaspar eta Baltasar. Haiek, irribarrea ahoan, zaldien gainetik herritarrei agur eginez eta gozokiak botaz egin zuten ibilbidea, apurka-apurka.
Villa Mundan herriko Musika Banda gehitu zitzaion desfileari, eta ondoren, Torre Luzeara heltzean, zaldietatik jaitsi ziren Hiru Erregeak, bertan Herodesekin elkartzeko. Ibilbidearekin jarraitu aurretik, Kale Nagusian hainbat herritar agurtzen aritu ziren Hiru Erregeak.
Ohi bezala, Lege Zaharren Enparantzara iristean, aurreskua egin zieten estalpean zeuden Jose, Maria eta Jesusi, eta ondoren, Hiru Erregeek bertso bana abestuz, beren opariak eman zizkieten. Kabalkadari amaiera eman aurretik, Lege Zaharren Enparantzan ekitaldia ilusioz jarraitzen ari ziren haurrengana hurbildu ziren Hiru Erregeak, eta haiek agurtzearekin batera, gozoki gehiago banatu zituzten.
Kaleak hustu zirenean, Hiru Erregeen laguntzaileek zeramatzaten suzien usaina soilik soma zitekeen. Haur guztiak lo egongo ziren dagoeneko, hurrengo egunerako espero zituzten opariekin amesten.