Urtarrilaren 7tik 12ra izango da Donostiako Dock Of The Bay musika dokumentalen jaialdia, hamabigarren urtez jarraian. Urtarrilaren 9an, asteazkena, Usua Garin, Andrea Lopetegi eta Izotz Barrio zarauztarrek ekoiztutako Lou. Dantzan jo ta ke, oinak lehertu nahian dokumentala emango dute. 19:30ean izango da saioa, Trueba zineman. Sarrera 7 euroan erosi daiteke jada, Dock Of The Bayen webgunean (www.dockofthebay.es).
Lourdes Olangua abeslariari buruzko lan hau 80 hamarkadan "emakumeak eszenarioetan hartzen duen lekuari buruzko dokumentala" eta "euskaraz abestearen erabakiari eta garai hartan jarrerak eta estetikak izan zuten garrantziari buruzkoa" ere bada, egileen esanetan. Lou "euskal rockaren emakumezko aurrenetako ahotsa" izan zen urte haietan. "Ahots bat baino askoz ere gehiago" izan zela azaldu dute; "probokatzailea, bai estetikan bai jarreran, eszenarioen gainean zenean". Zarautzen ere laster estreinatuko dute ikus-entzunezko lana, oraindik data zehaztu ez badute ere.