Zarauzko anbulatorioan ere protestak egin dituzte langileek

Zarauzko Hitza 2018ko abenduaren 20a

Atzo Zarauzko osasun etxe aurrean egindako elkarretaratzea.

Atzo, abenduak 19, elkarretaratzeak egin zituzten Urola Kostako hainbat anbulatoriotan. Zarauzko, Zumaiako, Orioko eta Zestoako hainbat osasun langilek egin zuen bat lan baldintza hobeak eskatzeko deialdiarekin, antolatzaileetako batek HITZAri jakinarazi dioenez.

Azpeitian ez zuten bat egin protestekin, eta Azkoitiko daturik ez dute ez antolatzaileek, ez hedabide honek.

Protesten helburuak

Lehen Arreta Arnasberritzen foroak deitu zuen elkarretaratzera, eta gaur ere 15 minutuko protestak egin dituzte EAEko hainbat osasun etxe eta kontsultatan.

Salatu dute Gabonen inguruan zaila izango dela zerbitzuen kalitateari eustea, “Osakidetzak daukan kudeaketagatik langileen arloan”.  Horrez gain, hainbat helbururekin ari dira protestak egiten: batetik, salatzeko osasun gastuan ezarritako murrizketak. Bestetik, agerian uzteko eguneroko jardueran dituzten oztopoak, hau da, “denbora falta, gehiegizko burokrazia, ordezkapenak egiteko langile falta, eta autonomia falta Lehen Arreta Taldeak (LATk) antolatu eta kudeatzeko”.

Horrez gain, azpimarratu dutenez, “osasun-sare osoan, LA da kontraturik ezegonkor eta eskasenak eskaintzen diren lekua: lanpostu eta iraupen zehaztugabekoak, baldintza argirik gabekoak, eta egunean bertan bete beharreko ordutegia zein izango den argitu gabe”.

Lehen Arretaren garrantzia ere nahi dute aldarrikatu, eta azpimarratu dutenez, “urtez urte hazten ari da zerbitzu hauen erabilera”.

Lehen Arreta Arnasberritzen foroa

Lehen Arreta Arnasberritzen foroa iaz sortu zuten, irekia da, eta 600 partaide inguru ditu, foroko ordezkarien esanetan.

Harremanetarako korreo elektroniko helbidea erabil daiteke: lehenarretaarnasberritzen@gmail.com

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide