Aurtengoan ere, udalak eta Euskalduna tabernak elkarlanean antolatu dute Inautrietako Kartel Lehiaketa. Parte hartu nahi dutenek otsailaren 1era bitartean aurkeztu beharko dituzte beren lanak Euskalduna tabernan.
Kartelak A3 formatu fisikoan edo TIFF, JPG edo PDF formatu digitaletan aurkeztu daitezke, eta gehienez bi lan aurkezteko aukera izango da. Horiek originalak izan beharko dute, alegia, norberak sortuak eta aurretik argitaratu gabeak. Urtero bezala, lehiaketan saritutako kartelak 2019ko Inauteriak iragartzeko eta hainbat euskarritan haien publizitatea egiteko erabiliko dira.
Epaimahaiak bi kartel onenak aukeratuko ditu. Irabazleak 300 euro eskuratuko ditu, eta bigarrenak, 100. Hirugarren sari bat ere izango da, hain zuzen ere, herritarrek gehien bozkatutako kartelak irabaziko duena. Azken horren saria bi pertsonentzako afaria izango da. Publikoaren bozketa sare sozialen bidez egingo da, otsailaren 5ean hasita. Otsailaren 12ko 12:00ak arte egongo da aukera kartelei Atsegin dut emateko.
Horrez gain, aurkeztutako lan guztiekin Euskalduna tabernan erakusketa bat antolatuko dute. Informazio gehiago eskuragarri izango da Zarauzko Turismo Bulegoan edo jaiak@zarautz.eus helbide elektronikora idatzita.