Euskaraldia Zarautzen nola bizi duten kontatzeko aukera izan zuten atzo hainbat zarauztarrek, Antoniano aretoan egindako ekitaldi xumean. Bertan, Udal Elkarteko, herriko ikastetxeetako eta Bombas Iturreko ordezkariek beren esperientziak azaldu zituzten, eta ondoren, publikoko hainbat herritarrek ere hartu zuten hitza. Esperientzia positiboak eta ez horren positiboak azaldu zituzten. Azaldu zuten Belarripresten bat euskaraz hitz egiten ahalegintzean burla egiten dietela zenbaitek, ” astiroegi, edo baldar samar” egiten duelako. “Burla egiten badiote, pertsona horrek ez du euskaraz egiteko gogorik edukiko”. Maite Egiguren Bombas Iturreko ordezkariak hizketaldia borobildu zuen, “hamaika, euskaraz, hamaika baino askoz gehiago” dela esanez.
Manifestua
Maddalen Arzallusek Horacio Chacini egindako elkarrizketa ikusteko aukera ere izan zen, eta amaitzeko, Arzallusek berak idatzitako Euskaraldiaren Manifestua irakurri zuten. Honela dio testuak:
“1. Ahobizi eta Belarriprestok elkarren beharra izan dutu ahalduntze kolektiborako ariketa hau aurrera atera ahal izateko. Elkarrekin saiatu gara gure eguneroko inertzia linguistikoak astintzen, eta modu kontzientean egin dugu gainera. Euskaraz gehiago hitz egiteaz gain, gure hizkuntza-erabilerari buruz hausnartu eta eztabaidatu dugu.
2. Inon idatzita jasotzen ez den arau soziala aldatzen aritu gara: nahikoa da gure ondokoak euskaraz ulertzea gu hari euskaraz zuzentzeko
3. Talde handi batean euskaldunak eta erdal hiztunak nahasian daudenean, euskaraz egitea ez da inor bazterrean uztea, alderantziz: euskaraz hitz eginda gure kulturaren eta hizkuntzaren ateak zabaltzen dizkiegu, eta, bestela, itxi.
4. Euskaraldian ez dugu ahobizi eta belarriprestok bakarrik parte hartu. Baina ez dezagun ahaztu ahobizi eta belarriprest izan ez direnak gehiengoa direla. Hala ere, txapadunen kopuruak pixkanaka-pixkanaka gora egin duenez gero, pentsa dezagun geroz eta gehiagok zabalduko dituztela bost zentzumenak.
5. Gure herriko dendaria euskalduna da. Euskaraldia hasi arte, egunero-egunero erdaraz egiten nituen erosketak, erdalduna zelakoan. Baina horrek bezainbesteko mina eman dit hark ere nitaz gauza bera pentsatzen zuela ohartzeak.
6. Botere-harremanek lotura zuzena dute gure hizkuntza-erabileran. Hamaika egunotan nire lankideak euskaraz agurtzen saiatu arren, eznaiz ausartu nagusia bere konfort egoera linguistikotik ateratzen. Euskarak goitik behera eta behetik gora balio ez duen artean, ez die beste hizkuntzei aurpegiz aurpegi begiratuko.
7. Bakoitzak norbere hizkuntzan bizitzeko eskubidea duen heinean, euskaldunak euskaraz bizitzea ez da gutizi hutsa, ez eta desioa ere. Euskaldunak euskaraz bizitzea euskaldunen eskubidea da. Noiz jarriko da benetan praktikan eskubide sinboliko hori?
8. Euskaldun denok erdaraz ere badakigun modu berberean jakin behako lukete erdaldun denek euskaraz ere. Pentsa zer desberdina litzatekeen gure lurra herritar guztiak elebidun izango bagina…
9. Beste behin ere, herritarrek saretzen jakin dugu. Herritik sortutako ekimen batek batu gaitu, eta herritarrek eta erakundeek elkartuta ditugun indarra eta potentzialtasuna agerian geratu dira. Klika egin dugu.
10. Euskaraldian herritarrok emandako urratsek babes-neurriak behar dituzte eta, gainera, entitate publiko zein pribatuei dagokie neurri horiek hartzea. INstituzioen erantzukizuna da epe luze eta laburrean euskararen jakintza orokorra bermatzea; baina, horretarako, lehentasuna eman beharko zaie hizkuntza-politikei.
11. Elkarlanean egon da Euskaraldiaren lorpenen sekretua. Goi-kargudun, Herri plataforma, kooperatiba handi zein enpresa txiki eta bolondres gisa ahal guztiz lan egin duten norbanako bakoitzari zor zaio bere ahalegina. Ikas dezagun, etorkizun baterako ere, aurrera egingo badugu, guztion beharra izango dugula.
Post Data:
12. Arnas luzeko bidea da hau eta bakoitzaren abiapuntutik aurrerapausoak ematen eta inertziak astintzen jarraitzea da helburua. Ez ahaztu Euskraldiko egunik garrantzitsuena Hamabigarrena dela.
Maddalen Arzallus Antia
2018ko abenduaren 3a. “