Otsailetik aurrera ikastaro bat martxan jartzea da asmoa, eta bien bitartean, hainbat ekintza antolatu dituzte "Zarauzko gizonengana iristeko". Gizon-lantegian interesa izan dezaketen gizonentzat aurkezpen saioak antolatu dituzte abenduan eta urtarrilean. Hilabete horietako sei arratsaldetan Zarauzko gaztelekuko laugarren pisuko aretoan izango dira, 17:00etatik 20:00etara.
TOKA taldeak azaldu duenez, asko dira gizon izateko moduaz gogoeta egin beharra somatzen duten gizonak. "Izan ere, feminismoen lanari esker jendartea berdintasunerantz urratsak ematen ari den honetan, asko gara jendarte parekide berrirantz gure ekarpena zein izan daitekeen gure buruari galdetzen diogunak. Baina zoritxarrez, orain arte gutxi izan gara, modu antolatuan, elkartu eta gogoeta lan honi ekin diogunak".
Aurkezpen saioak ondorengo egunetan izango dira: abenduak 5, abenduak 13, abenduak 19, urtarrilak 17, urtarrilak 18 eta urtarrilak 24. Lantegiaz informazioa nahi duten gizonek saioetara joateko txanda eska dezakete horretarako prestatu duten doodle helbidea erabiliz edo tokagizontaldea@gmail.com helbidera idatziz. Arratsalde horietan zuzenean Gaztelekura ere azaldu daiteke nahi duena.