Kilometro guztietan hoberen gordetzen den sekretua egingo dute publiko bihar: 2019ko Kilometro jaien leloa eta logotipoa. Zarauzko Salbatore Mitxelena Ikastolak antolatuko du ikastolen jaia datorren urtean, eta bihar egingo du aurkezpen ekitaldia, 18:30ean hasita Aritzbatalde pilotalekuan. Edukiera mugatua denez (1.100 pertsona), sarrerak pilotalekuko takian eskuragarri jarriko dituzte 17:00etatik aurrera, doan. Kiroldegiko taberna 17:30ean irekiko da, eta pilotalekua, berriz, 18:00etan.
Herritar guztiak daude gonbidatuta, eta aurkezpen gunea zabalik egongo da 17:30etik aurrera, taberna zerbitzua eskainiko baitute ordu horretatik aurrera. Leloa eta logoa bihar aurkeztuko badituzte, larunbatetik aurrera erabilgarri egongo dira kilometroak.eus ataria batetik, eta Kilometroetako denda, bestetik. Salegi kaleko seigarrenean zabalduko dute denda.
Zumarraga-Urretxun izan da aurten Gipuzkoako Ikastolen jaia, eta haiengandik lekukoa urrian jaso zuten. Ordea, maiatzetik ari dira lanean Zarautzen. Nerea Altxu zarauztarra da koordinatzailea, eta berak azaldu du komunikazio ildoa zehaztea izan dela aurreneko egitekoa. Izan ere, hortik atera behar ziren gero bai logotipoa, bai leloa. "Ariketa hori egiteko garrantzitsua iruditzen zitzaigun eskolaren komunitatearekin kontatzea: ikasle, irakasle eta gurasoekin, alegia. Haien parte hartzea bermatu dugu, eta horretarako, kafe tertulia bat egin genuen maiatzaren amaieran, eta antzerako lanketa egin genuen ikasgeletan ere, ikasleekin".
Jasotako lelo proposamen guztiak zerrendatu zituzten dokumentu batean, hainbat ondoriorekin batera. Erabaki zuten bozketa bidez aukeratzea Kilometroen leloa, eta hiru bozketa egin zituzten: bat gurasoen artean, beste bat ikasleen artean, eta beste bat Ikastolako langileen artean.
Ekainean egin zuten hori, eta emaitzarekin pozik dira. Izan ere, hiru taldeetan lelo berak irabazi du, "nabarmen-nabarmen".
Logoa, sortzaileen eskutik
Behin leloa erabakita, horretan oinarritutako logoa sortzen hasi ziren. Deialdia egin zuten ikastolako guraso eta langileen artean, eta lantalde txiki bat osatu zuten, herriko zenbait artistarekin batera. Talde horretatik atera da bihar aurkeztuko duten logoa. "Gutxi batzuk" ikusi dute, oso sekretupean daukatelako guztia, baina zerbait aurreratu baldin badaiteke, hori da aurtengoa zerbait desberdina izango dela, aurreko urteetakoekin alderatuta, behintzat.
Talde horretan aritu dira Pako Serras, Goretti Aranburu, Txili, Eva Azkue plastikako irakaslea eta guraso bat. Ikastolen Elkarteko teknikarien iritziak ere jaso zituzten, eta denen artean osatu da logotipoa. Izan ere, taldekide baten diseinuan oinarritu dira, baina hura osatu egin dute beste taldekide baten diseinuarekin.
Orain, herritarrek eta Ikastolako komunitateko kideek esan beharko dute gustatzen zaizkien ala ez 2019ko Kilometroen leloa eta logoa.
Biharko aurkezpena pasata, astelehenetik aurrera lanean jarraituko dute Salbatore Mitxelena Ikastolan. Izan ere, Nerea Altxuk gogorarazi duenez, "boluntario sare indartsua behar da bai Kilometroen eguna bera antolatzeko, bai urtean zehar egingo diren ekintzak antolatzeko". Horregatik, hamasei lantalde osatzea da Zarauzko ikastolaren helburua. Batzuk martxan daude jada, eta gainerakoak ere laster hasiko dira lanean, datorren urteko erronkari begira.
Kilometroen denda eta webgunea, etzitik zabalik
2019ko Kilometroen logotipoa eta leloa bihar arratsaldean gizarteratuko dituzte, eta hala, beste zenbait alderdi lantzen hasteko momentua iritsiko da. Batetik, kilometroak.eus atarian datorren urteko jaiaren berri ematen hasiko dira, Zumarraga-Urretxuko edizioari lekukoa hartuta.
Bestetik, larunbat goizean ateak zabalduko ditu Kilometroen dendak, Zarautzen bertan. Era guztietako arropa eta osagarriak jarriko dituzte salgai logo eta lelo berriekin, eta jada dena prest dutela azaldu dute antolatzaileek. Salegi kaleko 6. zenbakiko lokalean jarri dute materiala, eta ondoko ordutegia izango du, astelehenetik larunbatera: goizez 10:00etatik 13:00etara eta arratsaldez 17:00etatik 20:00etara.
Auzolanean eraberritu dute lokala, eta herritar guztiak gonbidatu dituzte saltokia bertatik bertara ikustera. Bestalde, arropa biltegia Mitxelena kalean kokatu dute, "2004ko Kilometroetan bezala".