Bertsolaritza bere burua birpentsatzen ari den une batean dago, Uxue Alberdiren esanetan. «Askotan jo izan da bertsolaritzaren barruko azken iraultzatzat 1990eko hamarkadan rockaren belaunaldia deitu izan zaiona, eta guri iruditzen zaigu gaur egun gertatzen ari den astinaldi hau badela orduan bestekoa, zimenduak mugitzen ari direla, joko zelaia bera ari dela mugitzen. Emakume bertsolariak inkorporatzea plaza bera eraldatzen ari da, eta, aldi berean, jendartean gertatzen ari diren eraldaketek laguntzen digute emakume bertsolarioi plazaratzen, eta modu diferentetan plazaratzen». Bada denbora bat hainbat emakume bertsolari genero begirada batetik aztertzen hasi zirela euren jarduna, plazan egoteko modua, nondik eta zeri kantatzeko modua. Denborarekin, eztabaidekin, mamituz joan da gogoeta, eta modu «artistikoago» batean eman dute orain argitara: azken lau hamarkadetako bilakaera jasotzen duen infografia bat osatu dute talde lanean; Ainhoa Agirreazaldegi, Uxue Alberdi, Miren Artetxe eta Ane Labaka bertsolariak aritu dira edukiaren gainean lanean, eta Txakur Gorria kolektiboko Malen Amenabar eta Mariñe Arbeo diseinuan. BERRIA, Argia, Jakin eta Lankuk argitaratu dute lana.
Duela urtebete inguru erne zen ideia. Alberdik John Cheeverren Igerilaria ipuinaren infografia bat ikusi zuen, eta erakargarria egin zitzaion bertsolaritzarako ere, «oso modu azkarrean irudikatzen zuelako mami zabal bat», Ainhoa Agirreazaldegik atzoko aurkezpenean azaldu zuenez. Hasieran, Maialen Lujanbioren bertso ibilbidea jasotzea izan zuten buruan, baina fokua norbanako bakarrean jartzea baino, interesgarriagotzat jo zuten izaera kolektiboan jartzea. «Bertsolaritzara aldaketak etorri baldin badira, ez da pertsona baten edo biren lanagatik izan, nahiz eta lan batzuk nabarmendu diren; talde handi batek ekarri ditu aldaketak».
Donostiako udal liburutegiko sotoan egin zuten infografiaren aurkezpena. Eta leku hartan bertan, aurreko astean Iñigo Aranbarri idazleak aipatu zuen «giza flyscharen» ideia berreskuratu zuen Agirreazaldegik: «Gutxitan ohartzen gara giza flysch baten gainean bizi garela; alegia, gure oinpean belaunaldiz belaunaldi eraikitako giza flysch bat daukagula, eta horko geruza guztiek osatzen dutela gure historia, memoria eta, nahi bada, atzoa». Baina eremu batzuetan, «publikoenetan», andrazkoek egin duten ekarpena ez da agerian geratu ohi. Bertsolaritzan, haien ekarpena «oso ikusezina» izan dela adierazi zuen Agirreazaldegik. «Bazirudien geruza bat gehitu orduko aurrekoa estaltzen genuela. Emakumeok hutsaren gainean eraiki behar izan dugu bertsolaritza modernoa. Horregatik izan da inportantea geure buruen memorian zegoen geruzaraino jaitsi, eta horren erradiografia bat egitea».
Agirreazaldegiren hitzetan, azken urteetan, gutxienez hiru esparrutatik heldu dira aldaketak bertsolaritzara: emakumezko bertsolarien ibilbidetik, mugimendu feministatik eta akademiako ikerketetatik. Hala, hiru ardatz horietatik eratorri diren uneek eta lanek osatzen dute infografiaren mamia: artikuluak, bertso saioak, ahalduntze bertso eskola, topaketak, bertso gogoangarriak eta beste bildu dituzte, bideak izan duen bilakaeraren erakusgarri direnak. Denboran atzerago bertsotan aritu ziren hainbat emakumeren izenak ere berreskuratu dituzte, Ahaztuak izenpean.
Erreportajea osorik irakurgai dago berria.eusen.