Ingalaterra da, 1864 urte ingurua. Margaret Cameronek argazki bereziak egiten ditu, desenfokatuak, kutsu piktorikoarekin. Argazki melankolikoak dira, sentimenduekin lotutakoak. Kritika ugari jasotzen du bere lanak: ez omen daki argazkiak ondo ateratzen. Ordea, Photomuseumeko Goretti Garaterentzat, argazkilari garrantzitsua da Cameron. "Emakume argazkilarien artean erreferente bat da, eta asko baloratzen dut, bere garaiko estiloaren kontra egin zuelako. Niri pertsonalki asko gustatzen zaizkit bere irudiak eta izan zuen jarrera, kritiken aurrean ez zelako isildu edo aldatu. Bere estiloarekin jarraitu zuen". Gainera, aitzindarietako bat izan zen emakume argazkilarien artean. Horregatik daude haren lanak ikusgai Zarauzko argazki museoan, Emakume Argazkilariak izeneko erakusketa kolektiboaren barruan.
Hamabost argazkilari aukeratu dituzte erakusketarako, eta ia 100 argazki eskegi hormetan. "Saiatu gara garai, toki eta estilo desberdinetako egileak biltzen". Lehen ere erakusten zituzten emakume argazkilarien laka, baina erakusketa indibidualak izan dira, eta argazkilariaren bilakaera erakutsi da. "Orain kontrastea bilatu dugu, eta bilakaera historikoa erakustea". Hala, lanik zaharrena 1864koa da, eta berriena 2013koa. Zuri-beltzeko nahiz koloretako argazkiak bildu dituzte; batzuk argazki errealistak dira, beste batzuk fotokazetaritzakoak; Euskal Herriko argazkilariak daude, baina baita Madrilgoak eta Japoniakoak ere.
Garatek pixka bat zehaztu ditu artistetako batzuen ezaugarriak: "Pilar Pequeñok, esaterako, bodegen argazkiak egiten ditu. Oso errealistak dira, oso landuak estudioan. Bestetik, Ouka Leele dago. Madrilgo Movidako argazkiak zuri-beltzean egiten zituen, eta gero eskuz pintatu akuarelekin. Askok kopiatu diote estetika hori".
Saizar zarauztarra ere bai
Hamabost argazkilarien artean, tokia lortu du Ione Saizar zarauztarrak. Hain zuzen, Take all the luggage with you izeneko lanaren zati bat jarri dute ikusgai Emakume Argazkilariak erakusketan. "Ingalaterran bizi da, eta argazkilari profesionala da. Gai bat hartu eta serieak egiten ditu, pertsonak eta tokiak oinarri hartuta. Begirada oso pertsonala du, eta enkuadre oso bereziak egiten ditu, oso landuak", azaldu du Garatek.
Erakusketa abenduaren 9ra arte dago ikusgai, eta pozik dira herritarrengandik jasotzen ari den erantzunarekin.