Zumaiako Udalak Julene Azpeitia lehiaketako saridunen berri eman du jada. Euskal Herri guztitik aurkeztu dira lanak; guztira, 43 lan jaso dira. Azaroaren hasieran bildu zen Ana Urkizak, Castillo Suarezek eta Josu Waliñok osatutako epaimahaia eta Zumaiako Udaleko euskara teknikariak idazkari lanak egin zituen, botorik gabe.
Lehenengo saria, 3.000 eurokoa, Maite Arruti Arakistain zarauztarrak eskuratu du Bizitza tantaka ipuinari esker. Arrutik lehenengo aldiz irabazi du lehiaketa hau. Epaimahaiaren iritziz lanik onena izan da, ume baten begiradatik kontatutako ipuinean "elkarrizketak oso finak" baitira, eta deskribapenak "iradokitzaileak". "Denboran atzera aurrera joko biribila egiten du eta ekarpenik handiena umearen begirada oso ondo lortua izatea du". Azken batean, "irakurlea asebetetzen" duen ipuina dela erabaki du epaimahaiak.
Sari banaketa ekitaldia Euskararen Astearen barruan egingo da, ostegunean, 19:00etan hasita, Zumaiako Alondegian. Uxue Alberdik eta Ines Osinagak Alfonsina eta Itsasoa poema errezitaldi musikatua eskainiko dute sari banaketa ekitaldian, eta nahi duten guztiak gonbidatu dituzte bertan parte hartzera.