"Egunon guztioi.
Hemen gara astelehenero bezala gure hausnarketa batzuk zuei adierazteko prest.
Hasteko, joan den ostegunean Udaberrin izan zen hitzaldi-elkarrizketa aipatu nahi genuke.
Hitzaldira bertaratutako gehienek interesgarritzat jo zuten; beraz, gure asmoa horrelako ekimenekin jarraitzea da. Hitzaldiaren ondoren elkarrizketa izan zen, eta argi geratu zen 1.080 euroko gutxieneko pentsioa lortu behar dugula pertsona guztientzat, horretarako, herrietako mobilizazioak mantenduz. Besteak beste, ondorengo hau ere aipatu genuen: pentsiodunen mugimenduak gaur egun oso zaila den zerbait lortu du. Ideologia desberdineko jendea elkartzea lortu dugu, guztiontzat helburu bateratu bat lortzeko: pentsio publikoak eta duinak.
Egun hauetan Euskal Gobernuak eta oposizioko taldeek 2019. urteko aurrekontuen inguruan izandako negoziazioaz informazioa irakurri dugu hedabideetan.
Nahiz eta negoziazioak oraindik ez diren amaitu, Euskal Gobernuak soilik 48 miloi euro 2019rako eta 32 miloi euro 2020rako eskaini ditu. Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun kontseilariak dioenez, hau da "gehienez" eskaini dezaketena, eta gobernuak ahal duen guztia egin duela azpimarratu du. Gainera, Ortuzar jaunak hauxe gehitu du: baztertu ezin den proposamen bat dela eta behar handienak dituzten pentsiodunen sarrerak hobetuko dituela, hau da, hilean 735 eurotik 788 eurora.
Beste behin, ezjakinak bagina bezala tratatu nahi gaitu Euskal Gobernuak. Engainatu egin nahi gaitu. Horregatik, indarrez heldu behar diogu abenduaren 15eko mobilizazioari, berandu izan baino lehen, beraien jarrera zuzentzera behartu behar ditugu, eta pentsioak 1080 eurora arte osatu ditzaten eskatu behar dugu. Honela, gure belaunaldiak eta etorkizuneko belaunaldiek gutxieneko pentsio duin bat izan dezaten bermatu behar dugu.
Pertsona guztiek, emakumeek eta gizonek, lanean ari direnek, langabezian daudenek eta pentsiodunek gauza bera nahi dugu: aberastasunaren bidezko banaketa, bizitza duin bat izan dezagun.
Beste gai bati helduz, plataforma honetako kideok Euskaraldia kanpainarekin bat egiten dugula jakinarazten dizuegu. Aldi berean, zuek ere parte hartzera animatzen zaituztegu.
Mila esker!
Zarautzen, 2018ko azaroaren 26an."