Arabako Foru Aldundiak erabaki du zeintzuk izango diren 2018ko literatura sarien irabazleak, eta horien artean da Bertol Arrieta zarauztarra.
Ignacio Aldekoa ipuin lehiaketaren XLVII. edizioa izan da aurtengoa, eta 488 lan lehiatu dira saria lortzeko, iaz baino 71 gehiago. Euskarazko ipuinei dagokienez, Bertol Arrietak lortu du saria Bi doberman beltz lanarekin. Epaimahaiak nabarmendu du ipuinak nolako freskotasunez jakin duen islatzen eszenarik errealistenak. “Ipuinaren erritmoa narrazio planteamendu eraginkor baten zerbitzura dago, non narrazio eta deskribapen egoerak izugarri iradokitzaileak baitira. Ipuinari darion umoreak ipuinaren intentsitatea eta dramatismoa arintzen ditu”, azaldu du.