Euskaraldia

"Gure erronkatxoa da lehen hitza euskaraz egitea ezezagunekin"

Onintza Lete Arrieta 2018ko aza. 23a, 17:00

Marije Zumeta eta Rita Aldabaldetreku, Zarauzko batzordeko kideak. (Onintza Lete Arrieta)

Berrogei urteko aldea dute Marije Zumetak eta Rita Aldabaldetrekuk, baina ikuspegi bera euskararen egoeraz. Abenduaren 3an deskantsatuko dutela diote, eta beren erronka pertsonalak ere argi dituzte.

Euskaraldiko Zarauzko batzordean dabiltza Marije Zumeta (Zarautz, 1953) eta Rita Aldabaldetreku (Zarautz, 1993). Zumetak ibilbide luzea du herri mugimenduan, eta Aldabaldetreku Euskaraldiko koordinatzailea da Gipuzkoan eta Zarautzen. Belaunaldi desberdinetako herritarrak dira, baina bat egiten dute euskararen egoeraz hitz egitean, eta baita esna ametsetan hastean ere.  

Zarautzen euskarak duen egoeraz eta egin beharreko lanaz ideia berak dituzue.

Marije Zumeta: Bat egiten dugu hainbat puntutan. Batetik, ikusten dugu Zarautz herri euskalduna dela. Batzuetan miraria dirudi, aspaldidanik datozelako kanpotarrak. Baina badago zerbait Zarautzen, euskara mantendu dugulako eta beti egin dugulako lan horren alde. Bestetik, ikusten dugu erabilera ez dela hain handia. Arrazoiak egongo dira mila, gure garaitik ere gauzak asko aldatu direlako. Adibidez, uste dut ez dugula asmatu euskal kulturaren transmisioan.   

Rita Aldabaldetreku: Gauza bera pentsatzen dut. Horrez gain, bi belaunaldioi begiratuta, diskurtsoa aldatu egiten dut belaunaldiaren arabera. Batetik, Zarautzen ez dago nire adinekorik euskara ulertzen ez duenik, Zarautzen ikasi badu eta zarauztarra baldin bada behintzat. Horregatik, diskurtsoa erabileran kokatzen dut. Bestetik, nire gurasoen edo aiton-amonengana zuzentzen naizenean, diskurtsoa beste bat da: guk baino gutxiago hitz egiten dutelako euskaraz, eta erdaldunak ere badaudelako belaunaldi horietan.

M.Z.: Euskara ez erabiltzearen arrazoiak desberdinak dira belaunaldi bakoitzean. Nik oraindik gogoan dut kuadrillan noiz erabaki genuen euskaraz hitz egingo genuela handik aurrera. Hamabost urte izango genituen, eta kontzientzia hartu behar izan genuen. Euskara debekatuta zegoenez, castellanos bizi ginen kalean; etxean bakarrik egiten genuen euskaraz. Adibidez, mojek eskolan esaten ziguten barre egiteko baserritarrei, haiek euskaraz egiten zutenean. Horrek guztiak eragina badauka gure adinekoen eta zaharragokoen ohituretan eta askok gaztelaniara jotze horretan.

Gaur hasiko da Euskaraldia. Zuentzat deskantsua dator orain, ala abenduaren 3an, amaitzen denean?

M.Z.: Deskantsua abenduaren 3an. Beste gauza bat da 11 egun hauek nola biziko ditugun. Tentsio puntu bat egongo dela uste dut. Orain arte inkontzienteki bizi naiz euskaraz, baina txapak eramateak erne egotera bultzatuko gaitu, eta horrek badauka puntu bat antinaturala bezala. Bestetik, ezustekoak ere egongo dira, Belarriprest batzuk ikustean, esaterako. Tentsioarekin, ezustekoekin, baina oso pozik biziko ditugu egun horiek.

Rita, zure kasua desberdina izango da, Euskaraldiaren Gipuzkoako koordinatzailea zarelako.

R.A.: Nik uste dut ez dakigula zer datorren. Parte hartzaile bezala, Marijek esan duen guztia esango nuke nik ere. Antolatzaileen ikuspuntutik, berriz, badut kezka pixka bat: zalantzak sortzen dira, ea jendeak ulertu ote duen ariketa, ondo egingo al duen, gogoz hartuko duen parte, eta abar. Era berean, ikusita zenbat jendek eman duen izena, ilusio handia daukat. Gipuzkoako koordinatzaile bezala, berez dena prest dago, bakoitzak badu bere txapa, eta badaki zer egin behar duen. Hortik aurrera, laguntzeko gaude gu.

Euskaraz bizi zarete biok. Baina, agian, edukiko duzue zer hobetua alderdiren batean, edo egingo duzue akatsen bat. Hausnarketa egin duzue?

R.A.: Zarautzen eta lanean ez dut inorekin gaztelaniaz egiten. Nire erronkatxoa izango da lehen hitza euskaraz egitea ezezagunekin eta inguru erdaldunagoetan; esaterako, Bilbora edo Gasteizera joaten naizenean. Baina, Euskaraldia denez, eta txapa jantzita daramadanez, uste dut pentsatu gabe euskaraz egingo dudala. Eta aurrean dudanak txapa baldin badauka, are gehiago.

Baina egun horretatik aurrera zer?

R.A.: Horrexek izaten jarraituko du nire erronka.

Eta zuk, Marije?

M.Z.: Hori da erronka nire ustez ere. 11 egun hauek ondo daude, baina helburua da hamabigarren egunetik aurrera jarraitzea hartu ditugun ohitura berri horiekin. Jada gertatu zait auzoan, arropa denda bateko neskarekin. Ez dakit zergatik, gaztelaniaz egiten nuen berarekin. Euskaraldiko txapa ematera joan nintzenean, gaztelaniaz hizketan hasi nintzaion, eta esan zidan: "Bueno, Marije, baina hemendik aurrera euskaraz hitz egingo dugu, ezta?". Sekulako poza eman zidan. Horixe nahi dut gertatzea hamabigarren egunetik aurrera. Ni ere, Rita bezala, inguru hurbilean euskaraz bizi naiz, baina aukera eduki nahi dut euskaraz egiteko gaur egun ohituragatik edo beste arrazoiren batengatik gaztelaniaz aritzen naizenekin ere.

Ezezagunei gaztelaniaz egiteko joera dago, are gehiago beste azal kolore bat badu. Euskaraldiak ikusaraziko ditu beste euskaldun horiek ere, ezta? Inork nabarmendu dizue alderdi hori?

R.A.: Horaciok [Chacin] berak. Zarauzko hamaikako kidea da, eta berak esaten du jendea gaztelaniaz zuzentzen zaiola bere aurpegiagatik. Esfortzua egiten duzu euskaraz ikasteko, eta gero jendeak erdaraz hitz egiteko. Esaten dute umeekin ere argi ikusten dela: beltzarana den umeari gaztelaniaz egiten zaio. Umeak ez du arrazoia ulertzen, noski. Ahobizi batek zuzenean euskaraz hitz egin behar die denei, eta gainera, suposatzen da egin duela hausnarketa bat.

M.Z.: Kontua da oso barneratuta daukagula euskara hizkuntza gutxitua dela eta inork ez duela denbora galdu behar hori ikasten. Aurrekoan kontatu zidan batek, joan zela hiru anai-arrebarekin Donostiako jatetxe japoniar batera. Euskaraz ari omen ziren beren artean, eta zerbitzaria etorri zenean, Mongoliakoa, gaztelaniaz hasi zirela hari. Eta zerbitzariak erantzun omen zien euskaraz egiteko berari. Laurak zur eta lur gelditu omen ziren. Datozen 11 egunetan egin behar duguna da koloreak alde batera utzi eta euskaraz egin lehen hitza. Txapak emango digu indarra, eta gero egin behar duguna da horrekin jarraitu.

Eta, amesten hasita?

M.Z.: Nire ametsa beti izan da euskaldunak Euskal Herrian euskaraz bizitzea. Edozein tokitara joan eta edozein momentutan, euskaraz bizitzea. Ikusita nola doan mundu hau, ez dakit hemendik 150 urtera euskara biziko den, baina ez dadila hil gure ahalegin faltagatik behintzat.

R.A.: Nire ametsa ere horixe dela esango nuke. Ez dut inor behartu nahi euskaraz hitz egitera, baina bai euskaldunak bere hizkuntza aldatu beharrik ez izatea inolako esparrutan. Denok euskaraz egin dezagun, eta gero nahi duenak egin dezala gaztelaniaz. Eleaniztunak izan gaitezen denok

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide