Bixente Martinez: "Tradizioa eta modernitatea uztartzen ditu Igelaren Bandak"

Amaia Urbieta Arruti 2018ko azaroaren 23a

Igelaren Bandak disko berria argitaratu du. (Igelaren Banda)

Gabonetako abestiak hartu, ukitu modernoa eman, eta 'Ur berri, urte berri' diskoa plazaratu du Igelaren Bandak. Goi mailako artistek hartu dute parte diskoan, ahotsa jarriz.

Ur berri, urte berri diskoa plazaratu berri du Igelaren Bandak. Taldea osatzen duten hiru kideetatik bi zarauztarrak dira; Amaiur Cajaraville eta Bixente Martinez. Gabonetako euskal abesti zaharrak bildu dituzte azken lanean, eta aspaldiko doinu tradizionalei, egungo artista euskaldunen ahotsak jarri dizkiete. Horretarako, Izaro, Maddi Oihenart, Maite Larburu, Mikel Urdangarin eta Natxo de Felipe musikarien kolaborazioak izan dituzte diskoan.

Gabonetako abestiak bildu dituzue azken lanean. Nola izan zenuten hori egiteko ideia?

Aspaldi, Oskorri taldeko Natxo de Felipek Gabonetako abestien disko bat oparitu zidan. Niretzat doinu ezezagunak ziren gehienak, eta entzun nituenean asko gustatu zitzaizkidan. Ederrak eta iradokitzaileak iruditu zitzaizkidan gehienak. Hori izan zen Gabonetako abestiekin zerbait egitera bultzatu ninduen lehen txinparta. Denbora asko igaro da, baina egin dugu azkenean.

Gure asmoa oso ezagunak ez diren Gabonetako abestiak plazaratzea izan da, beti ere, ukitu moderno batekin. Gabonetako abestiak aipatzean, betiko topikoak etortzen zaizkigu burura: abesbatzak, kriskitinak... baina guk abesti horien moldaketa modernoa egin dugu, bateria, gitarra eta kontrabaxuarekin.

Debalde festa diskoan ere bertso doinuen moldaketak egin zenituzten.

Bai, niri gustatzen zait esatea Igelaren Bandak hanka bat tradizioan daukala, eta bestea, berriz, modernitatean. Tradizioa izan ohi da gure abiapuntua, baina melodia horiek, ondoren, gaur egungo estiloetara egokitu ohi ditugu. Esan daiteke gaur egungo musikariaren filtro moduko bat pasatzen dutela doinuek.

Zein ate jo dituzue Gabonetako abesti ezezagunak biltzeko?

Euskal Herrian kantu-liburu zahar asko daude. Badirudi adituen kontua dela, liburutegi ilun erraldoietara jo behar dela bilaketa lana egiteko, baina edozein liburutegitan topa daitezke kantu-liburu asko, eta gaur egun, Interneten ere informazio asko dago. Pazientziarekin, pixkanaka-pixkanaka egin dugu lana.

Noiz aurkeztuko duzue lana?

Aurreko astean aurkeztu genuen diskoa Donostian, eta bi kontzertu ditugu aurreikusita. Lehenengoa, azaroaren 30ean, Sopelako Kultur Etxean izango da, eta bigarrena, berriz, abenduaren 22an, Donostiako Victoria Eugenian. Oso kontzertu bereziak izango dira, bi horietan bakarrik izango baita aukera diskoan parte hartu duten artista guztiak batera entzuteko. Izan ere, oso zaila da maila horretako musikariak maiztasun batekin elkartzea.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide