Gabonetako 35. Erakusleiho Lehiaketa martxan da

Zarauzko Hitza 2018ko azaroaren 22a

Parte hartzaileek abenduaren 9a baino lehen eman behar dute izena, Turismo bulegoan edo telefonoz. Saltokiek abenduaren 10etik urtarrilaren 6ra arte izan beharko dituzte apainduta erakusleihoak, eta epaimahaiak urtarrilaren 19an jakinaraziko du nor den irabazlea.

Murkil Dendari Elkartearen eta Zarauzko Udaleko Turismo sailaren eskutik, herriko saltokiei zuzendutako Gabonetako Erakusleiho Txapelketa abian da. 35. edizioa izango da aurtengoa, eta Ixidor Larrañaga Turismo zinegotziaren esanetan, "Zarautzen Gabon giroa sustatzea du helburu, erakusleiho erakargarri eta originalak sortuz, eta hala, herritarrak eta bisitariak erosketak bertan egitera gonbidatuz".

Parte hartzaileek abenduaren 10etik urtarrilaren 6ra bitartean izan beharko dituzte apainduta erakusleihoak, eta urtarrilaren 19an jakinaraziko du erabakia epaimahaiak. Irabazlea erabakitzeko, hiru irizpide izango dira kontuan: erakustokiaren aurkezpena, salgai diren artikuluen erakusketa erakargarria, eta apainketaren originaltasuna, Gabon garaia dela kontuan izanik. Iaz Lola Botonak irabazi zuen txapelketa, eta Laspiurrek, aldiz, bigarren saria eskuratu zuen.

Erakusleiho onenak 600 euroko saria irabaziko du, eta baita trofeoa ere. Murkil Dendarien Elkarteak ere irabazle bat izendatuko du, eta 300 euroko saria emango dio.

Abenduaren 9an itxiko dute izen-emate epea. Parte hartu nahi dutenek bi aukera dituzte inskripzioa egiteko: Turismo bulegora (Nafarroa kalea, 3) bertaratu daitezke, edo 943 830 990 zenbakira deitu dezakete.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide