Zergatik animatu zineten Euskadi Lagunkoia sarera atxikitzera?
Zarautz 2015eko abenduaren 15ean atxikitu zen Euskadi Lagunkoiaren sarean. Herriko adinekoekin eta eragileekin batera, Zarautz herri lagunkoia eta integratzailea bihurtzea nahi dugulako; alde batetik, adinekoen esperientziaz eta jakituriaz baliatuz, eta, bestetik partaidetza eta zahartzaro aktiboa sustatuz.
Argi daukat, baita, Euskadi Mahaian sarea sortzea oso garrantzitsua dela; herrien artean , gure praktika eta esperientzia onak partekatzeko aukera bikaina da. Asko dugu Euskadin eginda, eta asko elkarregandik ikasteko.
Zeintzuk dira orain arte emandako pausuak?
Esan bezala 2015eko abenduan atxikitu ginen ekimen honetara eta Matia Fundazioaren gidaritzapean diagnostikoa egiten hasi ginen. Zertarako? Bada, zehazki jakiteko ze egoeratan aurkitzen ginen.
Datu bilketa egiteko 6 lan topaketa egin genituen adineko mahaiko kideok, gai ezberdinak landuz: garraioa, aire libreko espazioak eta eraikin publikoak, etxebizitza, partaidetza, gizarte sarea eta enplegua, osasun eta gizarte zerbitzuak, eta, azkenik errespetua, bizikidetza, inklusioa, komunikazioa eta informazioa.
Topaketekin batera, herrian inkestak zabaldu genituen, ikastolekin elkarlanean, eta 338 inkesta betetzea lortu genuen. Jasotako informazio guztia osatzeko, ongizate zerbitzuan genituen datuekin gurutzatu eta Matia Fundazioak diagnostikoa egin zuen.
Diagnostikoan balorazio onena familia, garraioak eta aisialdiak jaso zuten eta, okerrena, etxebizitza eta komunikazioak.
Elkarrizketa osorik ikusgai, Euskadi Lagunkoiaren webgunean.