Zahartzearen etorkizunari buruzko foro parte hartzailea, Zarautzen

Zarauzko Hitza 2018ko azaroaren 17a

Datorren asteartean, azaroaren 20an, 10:00etan, Zahartzearen Etorkizunari buruzko Foro parte hartzailea egingo dute Zarauzko Aritzbatalde kiroldegiko aretoan. Biztanleriaren zahartzeari buruz hausnartzea du helburu Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz planaren barruan antolatutako saio honek.

Matia Fundazioko adituen laguntzarekin, Gipuzkoako biztanleriaren etorkizunerako ondorio baliagarriak ateratzen saiatuko dira foroko parte hartzaileak, horretarako, gaiaren inguruan sakonduz, esaterako, zaintzari buruzko lanketa eginez. "Munduko biztanleria zahartzen ari da. Gipuzkoan, 2031 urterako %42koa izango da 55 urtetik gorako pertsonen ehunekoa", azaldu du Miren Letamendia Osasun zinegotziak.

Foroan parte hartzeko interesa dutenek izena eman beharko dute 943-22 46 43 telefonora deituta edo ainara.tomasena@matiafundazio.eus helbidera mezu bat bidaliz.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide