Euskaraldia

Ate joka dator Euskaraldia

Amaia Urbieta Arruti 2018ko aza. 16a, 17:16

Ezkerretik eskuinera, Rita Aldabaldetreku, Horacio Chacin, Marije Zumeta eta Xabat Olaizola. (Amaia Urbieta Arruti)

Astebete barru abiatuko da Euskaraldia. Hamaika egunez iraungo duen ariketa sozialari hasiera emateko, herriko Ahobizi eta Belarriprest guztiak kalera atera nahi dituzte Zarauzko Euskaraldia antolatzen dihardutenek.

"Guztion artean, hizkuntza ohiturak astintzera goaz". Hala esan du Marije Zumetak, Zarauzko Euskaraldiko batzordeko kideak. Euskal Herriko milaka herritarrek hartuko dute parte ekimenean, Aturritik Ebrora, 400 herri desberdinetan, zazpi probintzietan. Ahobizi eta Belarriprestek bete beharreko rolak azaldu ondoren, oraindik ekimenean parte hartzera animatu ez diren herritarrak gonbidatu ditu izena ematera. "Ahalegin bat, indarberritze bat izango da Euskaraldia euskaldunon eskubideen eta euskararen erabileraren alde. Nire lagun batek dioen bezala, aspalditik gatoz, eta urrutira iritsiko gara".

Azaroaren 23an hasiko da Euskaraldia, eta festa giroan ospatuko dute zarauztarrek. 18:00etatik aurrera, mahaia jarriko dute Lege Zaharren Enparantzan, azken orduko izen-emateak eta txapa banaketak egiteko. Ordu berean hasiko da, Didau antzerki faktoriaren eskutik, Beldartxo Jatuna antzezlana haurrentzat, Merkatu plazako lehenengo solairuan. 19:00etan, Lege Zaharren Enparantzan elkartuko dira herritarrak, eta bertan, kaleak girotuko dituzte Goizeko Ihintza txistulari taldeak, dantzariek, Zarakatun batukadak, Zarautztrik trikitilariek eta Arrai Zopa kantujirak, hala, festa Lege Zaharren Enparantzatik Musika Plazaraino zabalduz. "Festa giroan eta elkarrekin nahi diogu eman hasiera Euskaraldiari", azaldu du Rita Aldabaldetrekuk, Zaruazko Euskaraldiaren koordinatzaileak. Behin ariketa hasitakoan ere izena emateko aukera izango dela adierazi dute, eta Ahobizi eta Belarriprest horiek azaroaren 26an izango dute txapak eskuratzeko aukera.

3.200

3.200 dira oraingoz Euskaraldian izena eman duten herritarrak. Markagailua puzten joan da pixkanaka-pixkanaka, eta Marije Zumetak "azken ahalegin bat" eskatu die herritarrei, kopurua are gehiago handitzeko. Antolatzaileek ez zuten izen-emateen kopuruarekin aurreikuspenik egin. "Ez dugu nahi jendeak izena ematea izena emateagatik, eta gero rola ez betetzea. Hor balantza topatu beharra dago kalitatearen eta kantitatearen artean. Lortzen badugu 3.200 herritarrek ariketa ondo egitea izugarria izango da". Ariketaren irisgarritasuna 3.200 herritar horietatik harago doala azaldu du Aldabaldetrekuk, izan ere, txapadunek txapa gabekoekin ere egingo dute ariketa.

Herritar horietatik bi izan dira gaurko prentsaurrekoan, hain zuzen ere, Xabat Olaizola eta Horacio Chacin, Ahobizi izango da Olaizola, eta Belarriprest Chacin. Olaizolak gogora ekarri du Joxean Artzeren esana: "Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek erabiltzen ez dutelako baizik". Euskarari "bultzada" bat emateko garrantzitsutzat jo du egingo den ariketa, eta hausnarketarako balio dezan espero du.

Chacin Venezuelatik etorri zen Zarautzera duela 18 urte, eta ariketaren garrantzia azpimarratu du berak ere, eta oraindik euskaraz ez dakitenak ikastera gonbidatu ditu. "Lotsak albo batera utzi behar dira, nik batzuetan gaizki hitz egiten dut, baina aurrera jarraitzen dut nire aportazioa eginez".

Hamabigarren egunean zer?

Euskaraldiak hizkuntzaren erabileran izan duen eragina neurtzeko, hiru fasetan egingo dituzte neurketak Soziolinguistika Klusterretik. Lehenengoa egina dago jadanik, Euskaraldia hasi baino lehenagoko hizkuntza ohiturak neurtzeko. Bigarrena, euskaraldia bukatu berritan egingo dute, berehalako eragina ikusteko; hirugarrena, berriz, 2019ko martxoan izango da, epe luzera ekimenaren eraginkortasuna neurtzeko. Horrez gain, idatziz jasoko dituzte hainbat esperientzia pertsonal, eta bildutako datu horietatik guztietatik ondorioztatuko da ekimenak zertarako balio izan duen. Zumetak garbi utzi du, intentzioa "hamabigarren egunetik aurrera hartutako ohiturarekin jarraitzea" dela. "Euskaraldiarekin ez da ezer amaitzen. Orain hartutako indarra baliatuko dugu aurrera jarraitzeko euskararen alde lanean".

Amaitzeko, eskerrak eman dizkiete prentsaurrekoa eman dutenek Euskaraldiarekin bat egin duten herriko taberna, elkarte, denda, talde eta norbanakoei, Euskaraldiko batzordekideei eta hamaikakoa osatzen duten kideei.

Erlazionatuak

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide