Amenabarren garaipena eta Aialaren porrota

Zarauzko Hitza 2018ko azaroaren 5a

Larunbateko partidako une bat. (Luis Epelde)

Amenabarrek garaipena erdietsi du asteburuan Ars Naranjas Palma del Rio taldearen aurka. 26-24ko markagailuarekin gailendu zen etxeko gizonezkoen taldea, eta Aialak, aldiz, ezin izan du ligako bigarrena den Logroño Sportingen aurka irabazi, eta 22-26 amaitu zen partida.

Bi talde nagusiek etxean jokatu dute asteburuan, eta nabaria izan zen harmailetako giroan. Aialak jokatu zuen lehenengo, bere taldeko sailkapenean bigarren doan Sporting de Logroño taldearen aurka.

Etxekoek une batzuetan markagailuan Logroñokoengana asko hurbiltzea lortu bazuten ere, partidaren zati handienean aurretik izan ziren errioxarrak, eta azkenean, lau goleko aldearekin amaitu zen partida (22-26). Maria Boklashchuk izan zen etxeko taldeari min gehien egin zion jokalaria, zazpi gol sartu baitzituen. Aialan, berriz, Andrea Zaldua eta Nora Kortabarria izan ziren golegile nagusiak. Honenbestez, zortzigarren jardunaldiaren ondoren, laugarren daude Aialakoak Zilarrezko mailako B taldeko sailkapenean.

Amenabarrek, berriz garaipena lortu zuen etxean, Ars Naranjas Palma del Rio taldearen aurka. Emozio handiko partida izan zen larunbatekoa. Gol bakarreko aldearekin, etxekoek galtzen amaitu zuten lehenengo zatia, eta bigarren zatia Andaluziakoek Amenabarrek baino indartsuago hasi bazuen ere, azken 15 minutuetan etxekoak markagailuari buelta emateko gai izan ziren. Mikel Amilibia oriotarra izan zen jokalari izarra, zortzi gol sartuta. Ligako zazpigarren jardunaldia izan zen Zilarrezko mailako gizonezkoentzat, eta garaipen honen ostean, beste bi talderekin puntuetan berdinduta, zazpigarren sailkatua da Amenabar.

Datorren astean Kataluniara bidaiatuko dute gizonezkoek, Bordils taldearen aurka jokatzeko. Emakumezkoek, berriz, Schär Zaragoza taldearen aurka neurtuko dituzte indarrak, Aragoien.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide