Gorrotoaren ahotsa mugarri bilakatu zen Euskal Herriko metal eta hardcore eszenan duela 25 urte argitaratu zenean. IZ estudioan grabatua, Kaki Arkarazorekin, Mikel Kazalis jakitun da "jende askorentzat oso disko berezia" dela. Berrargitaratzearekin batera antolaturiko kontzertuetan berriz ikusteko modua izan du, erantzun bikaina jasotzen ari baita laukotea (Ibon abeslariak, Dani baxu-jotzaileak eta Beloki bateria-jotzaileak osaturikoa). "Harrituta, eskertuta eta hunkituta" daude. Bihar bertan dute beste emanaldi bat, Donostiako Dokan: "Aizetzenau!" oihuaren –bere jatorriari ere egin diogu tokia elkarrizketan– segidan askatuko da zarauztarren enbata bira honetako laugarren hitzorduan ere.
'Zirkulutik espiralera' kaleratu zenutela hiru urte eta erdi igarota, Anestesiaren hurrengo pausoa kantu berriak sortzea izango zela pentsa genezakeen. Baina 25 urte atzera egin eta zuen lehenengo disko luzea berrargitaratzea erabaki duzue. Zerk bultzatuta?
Normalean ez dugu planifikatzen inoiz zein izango den gure hurrengo pausoa. Beti prozesu bera da: disko bat egiten dugu, horren birarekin ibiltzen gara bizpahiru urte, asko jota, eta gelditu egiten gara, aspertzen hasten baikara berdina jotzeaz. Inoiz ez zaigu gustatu inertziagatik jarraitzea. Alde horretatik, zortea dugu talde profesionala ez garelako; askeago gara eta guk nahi dugunean egiten ditugu gauzak. Hori, niretzat, luxu bat da: bermatzen dizu mimatu ahal izatea eskaintzen duzuna, benetako zerbait izatea.
Oraingoan ere berdintsua izan da. Urte sabatikoan geundela, iaz Elkarrekoek eskaini zidaten Gorrotoaren ahotsa biniloan argitaratzea, zenbait disko zahar biniloan berrargitaratzen ari baitira eta haiek kudeatzen baitute Esan Ozenki-ren katalogoa. Eskaintza bere horretan geratu zen, airean. Eta aurten, urtarrilean, baten batek Facebook-en jarri zuen: "25 años de este discazo". Eta hor, lotura moduko bat egin nuen: "Aiba, iaz Elkarrekoek halako eskaintza egin ziguten, orain zale batek hau aipatzen du, gu orain jo gabe gaude eta ez daukagu asmorik disko berri bat egiteko… Bada, agian disko hori berrargitaratzea biniloan, 25. urteurrena ospatuz, eta horren aitzakian dozena erdi kontzertu egitea polita izan liteke. Eta guretzat ere lan gutxiago…" [barre egiten du]. Taldea animatu egin zen, eta aurrera! Hortaz, kointzidentzia batzuen ondorio izan da. Eta, momentuz, badirudi asmatu dugula eta jendeak ondo hartu duela bai diskoarena, baita birarena ere.
Nola doa bira? Zein erantzun jaso duzue orain arte?
Sei kontzertu ziren hasiera batean, baina gero Dimetal jaialdirako deitu ziguten eta baiezkoa eman genuen; beraz, zazpi. Hiru eman ditugu, Bilboko Antzokikoa, Gasteizko Gaztetxekoa eta Dimakoa, eta, egia esan, erantzuna ikaragarria izan da, guk geuk espero genuena baino askoz handiagoa. Adibidez, Antzokikoa [irailaren 15ean eskainia] gure ibilbideko kontzertu historikoetako bat izan zen: sarrera guztiak salduta, kamiseta guztiak kontzertua hasterako agortuta –eta pila bat eraman genituen–, jendea abesti guztiak kantatzen goitik behera… Oso energia berezia sentitu genuen han. Eskertuta, hunkituta eta hitzik gabe geratu ginen.
Pentsatzen dut 'Gorrotoaren ahotsa'-ri leku berezia eskainiko diozuela emanaldiotan…
Disko hura gogoratzen ari garenez, kontzertuetan bloke bat gordetzen dugu osorik jotzeko, goitik behera, diskoaren ordena berean. Eta sentsazioa daukagu hobetu egin ditugula kantu haiek. Garai hartan estudioan sartzeko presioa genuen, gure ezjakintasunak hor ziren –ez ginen kristoren musikariak; bueno, orain ere ez [barrez]–, gure mugak... Bitxikeria bat: diskoa grabatzeko hamar egun genituen estudioan, diskoetxeak ordainduta, eta bost egunean bukatuta, nahastuta eta masterizatuta geneukan. Beste bostak soberan izan ziren, jada ondo zegoelako guretzat. Gaur egun, hamar egunean justu-justu bateriak grabatuko genituzke [kar, kar, kar]. Eta gaur entzunda, konturatzen gara ez zegoela hain ondo, bazituela akatsak. Remasterizazioarekin saiatu gara hurbiltzen gaur eskaintzen dugun soinu horretara. Guk ere zeozer ikasiko genuen-eta… [barreak].
25 urteko perspektibarekin, erreparatzen diozunean, zer esaten dizu 'Gorrotoaren ahotsa'-k? Oso ondo zahartu den diskoa dela iruditzen zait…
Askotan gertatzen zaigu oso kantu zaharra jotzerakoan sentitzea ez gaudela eroso, jotzeko modua aldatu dugulako, jada ez dugulako hain geure sentitzen pasatako denboragatik, edo batek daki zergatik. Hori kontuan hartuta, oraingo kontzertuei begira esan genuen: "Proba dezagun lokalean ea zer sentitzen dugun eta, gustura ez bagaude, aukeraketa bat egingo dugu". Geure buruarekin zintzo jokatu nahi genuen, eta ez disgustura jo, beharturik. Halaxe, diskoa goitik behera jo genuen, eta gu geu harrituta geratu ginen: "Ostia, ondo ezta?".
Kontzertuetan osorik jotzearen poderioz, ikusi dugu duela 25 urte oso disko orekatua egin genuela, guri gustatzen zaigun bezalakoa, denetik duena: erritmo geldoak, azkarrak, tempo erdikoak, rockeroagoak, hardcore bortitza… Halako konbinazio bat dauka ezin hobeto datorkiguna, gaur egun ere, kontzertu bat eskaintzeko orduan.
Elkarrizketa osorik irakurtzeko, egin klik hemen.