Aurtengoan ere, atzerritik Zarautzera bizitzera etorritako bizilagunentzat Euskara Harrera ikastaroa antolatu du Udaleko Inmigrazio eta Kulturaniztasun Sailak. 2014an abiatutako ekimen honek Udal Euskaltegiak antolatzen zuen ikastaroaren lekukoa hartu zuen. Euskara Harrera ikastaroaren helburua zarauztar berriak euskarara hurbiltzea da. Horrez gain, Zarauzko baliabide eta zerbitzuen berri jasotzen dute parte hartzaileek. Hala nola, lan arloko eskubideak, atzerritartasuna, zaborraren birziklapena, natura ondarea, emakume eta gizonen arteko parekidetasuna edo genero indarkeria.
2019 urteko ikastaroan izena emateko epea zabalik dago jada, eta azaroaren 15era arte egongo dahorretarako aukera. Klaseak azaroaren 26an hasiko dira, eta otsailaren 21ean amaitu. Astean hiru aldiz, bi orduko saioz osatuta egongo da ikastaroa. Astelehenetan, asteartetan eta ostegunetan, 18:30etik 20:30era Udal Euskaltegian izango dira klaseak. Beraz, guztira, 64 orduko iraupena izango du ikastaroak. Matrikularen prezioa 10 eurokoa izango da, eta Herritarren Arreta Zerbitzuan egongo da izena emateko aukera.
Iratxe Zorrozua inmigrazio zinegotziak azaldu du «Zarauzko kulturaniztasunaren islada» direla ikastaroko parte hartzaileen jatorri desberdinak. Iaz, Nikaragua, Venezuela, Maroko, Ganbia, Ekuador eta Paraguaiko zarauztarrek hartu zuten parte. Ikastaroan izena emateko lehentasuna urte bat baino gutxiago bertan erroldatuta daramatenek izango dute. Taldea ez bada osatzen edo leku libreak badaude, ordea, bestelako eskaerek ere lekua izan dezakete klaseetan, esaterako, Zarautzen denbora gehiago daramatenak, edo inguruko herrietako biztanleak.
Integratzeko bultzada
Ekuadorretik etorritako Sonia Merori Julen Aranguren inmigrazio teknikariak deitu zion ikastaroan parte har zezan animatzeko. Zarautzen hamasei urte daramatza, eta euskara ulertzeko gai den arren, hitz egitea «asko kostazen zaiola» dio. Joan den urtean probatu zuen Merok ikastaroa, eta «integratzeko aukera ona» dela azaldu du. Dena den, bertako herritarrak egunerokoan euskara hutsean biziko balira «askoz azkarrago eta errazago» ikasiko lukeela baieztatu du. «Kanpotik gatozenoi euskaraz egingo baligute beti, lehentasun gisa hartuko genuke euskara ikastea. Ez da hala gertatzen baina. Niri, ia beti gazteleraz zuzentzen zaizkit herritarrak». Emandako arrazoiengatik, Zarautzen igarotako lehen urteetan Merorentzat ez zen lehentasuna izan euskara ikastea. Orain, ordea, euskaltegian ikasten dihardu. «Ume bat daukat eta etxeko lanak egiten lagundu nahi diot, eta horrez gain, Osakidetzako langilea naizenez, une honetan beharrezkoa da niretzat euskara jakitea». Harrera ikastaroan izena eman dezaten animatu ditu Zarautzen lur hartzen dabiltzanak, «prezio honetan, aukera aprobetxatzera» gonbidatzen ditut guztiak. «Jendeak ez du bere burua honetarako gai ikusten, baina irakasleek uneoro laguntzen dizute, eta edozein arazori aurre egitea edo egoera desberdinetara egokitzea ahalbidetzen dute».
Udal Euskaltegiko gainontzeko ikastaroei dagokionean, berriz, edonork ezin dituela ordaindu azaldu du Merok. «Klaseetara joanez gero ordaindutakoa itzultzen badizute ere, zenbait pertsona diruagatik joan ezinda geratzen dira». 300 euroko kostua du Udal Euskaltegiko matrikulazioak, ikasturteko.
Hizkuntza eta kultura
Julen Aranguren inmigrazio teknikariak harrera kontzeptua azpimarratu du. «Ikastaro hauen helburua ez da propio euskara ikastea, herritarrak hizkuntzagandik hurbilago egotea, baizik». Lehen bi ikastaro egiten ziren. Alde batetik, hizkuntza ikasten hasteko ikastaroa, eta beste aldetik, herriko baliabideen eta kulturaren berri ematekoa. Euskara Harrerak biak batzen ditu, eta denbora gehiena euskara ikasten igarotzen badute ere, noizbehinka adituak joaten dira kanpotik bestelako gaiak euskaraz lantzera, herriko integrazioan bultzada bat emateko. 2014tik 75 herritarrek hartu dute parte Harrera Ikastaroetan. Beraiekin kontaktatzeko, aurreko bi urteetan parte hartu dutenei eta aurtengo urtean Zarautzen erroldatutakoei eskutitza bidaltzen diete Udalak ikastaroen berri emanez. Beti ere, euskararekin harremanik izan ez duten herritarrak badira. Aginagaldek azaldu duenez, Nikaragoakoak dira azken urteetan Zarautzen erroldatzen ari diren biztanle gehienak. «Hori dela eta, inmigrazioari buruzko diagnostikoa berritzen ari gara».