Xabier Txurruka Zarauzko alkateak eta Esteban Collantes ZKE Zarautz Kirol Elkarteko presidenteak gaur sinatu dute 2017-2018 denboraldiari dagokion hitzarmena. Aurreko bi urteetan bezala, 160.000 euroko diru laguntza jasoko du aurten ere kirol elkarteak udalaren partetik.
1,5 milioi euroko aurrekontua du ZKEk, eta udalaren ekarpena "garrantzitsua" dela azpimarratu du Collantesek. "Kontuan eduki behar da zuzeneko lau langile ditugula kontratatuta, eta beraz, udalaren eta aldundiaren laguntzak garrantzitsuak dira guretzat".
Diru laguntzez gain, kirol arloan hainbat inbertsio ari dira egiten azken urteotan udala eta aldundia. Berrienak, Asti Txikiko harmaila berriak eta Lizardiko kirol pabilioi berria dira. Asti Txikin lanean hasi dira aste honetan bertan, eta Lizardin abenduan hastekoak direla jakinarazi du Txurrukak. "Lanak adjudikatu berri ditugu. Adjudikazioa sinatu arte ezin dugu esan zein enpresari esleitu zaizkion lanak, baina tramitazioa martxan da eta abenduan hasiko dira lanean".
Collantesen ustez beharrezkoa da gogoraraztea egin diren inbertsio guztiak, elkartearentzat oso garrantzitsuak direlako. Besteak beste, transformadore berria eta errugbiko eta futboleko taldeentzako aldagela eta gimnasio berriak aipatu ditu.
Asti Txikin egingo dituzten lanak ere begi onez ikusten ditu, "partida gehien bertan jokatzen delako". Eta zer esanik ez Lizardiko kirol pabilioi berria; pozarren dago ZKEko presidentea. Dena den, "ez dira inbertsioak eta diru laguntzak bakarrik. Udalak galdetu ere egin digu Lizardiko pabilioiaz gure iritzia, parte hartu dugu proiektuan, eta beti daude prest gu entzuteko. Gertuko harremana dugu eta hori asko baloratzen dugu", esan du.
"Egun garrantzitsua da guretzat"
Collantes oso pozik dago udalarekin duten hitzarmenagatik, eta hala azaldu die kazetariei ere: "Hau egun garrantzitsua da guretzat. Hitzarmen oso ona dugu, aurreko udal gobernuak baino 20.000 euro gehiago ematen dizkigulako urtero udal honek. Egiten dugun lanari errekonozimendua egiten dio hitzarmenak", azaldu du.
Kritika bakarra egin du: "Aurreneko aldiz aurten kobratu dute sailek garaiz zegokien dirua", denboraldiaren amaieran. 160.000 eurotik %70a kobratu du kirol elkarteak. Gainerakoa, auditoria pasatu ondoren jasoko dute. Collantesentzat neurri ona da auditoriarena: "Auditoriari esker, gure bazkideek ikusten dute ondo administratzen dugula diru laguntzetatik jasotako dirua. Gainera, herritarrek ere ikusten dute udalak emandako dirua iristen dela zegokion tokira", azaldu du.
2019a, urte berezia
Txurrukak eta Collantesek aurreratu dute hitz egiten hasiak direla 2018-2019 denboraldiko hitzarmenaz ere. Zarautz Kirol Elkarteak 75 urte beteko ditu 2019an, eta horregatik, diru laguntzaren kopuruan igoera egon daitekeela iradoki du Collantesek. Xehetasun gehiago ez dute eman hitzarmenaz, baina Collantesek azaldu du urtebete daramatela urteurrena prestatzen, eta azaroaren 22an aurkeztuko dietela egitarau orokorra alderdi politikoei eta prentsari.