'Toldotxo' pintxoa egiten erakutsiko dute herriko sukaldariek

Zarauzko Hitza 2018ko urriaren 30a

Ezkerretik hasita, Ixidor LarraƱaga (Turismo zinegotzia), Pascu Exposito (Itxas-Lur), Pilar Taboada (Zarauzko Eroskiko kudeatzailea), Iratxe Maioz (Zarauzko Eroskiko Bezero Arreta) eta Julen Olazabal (Kirkilla)

Azaroan asteartero eta ostegunero egingo dituzte ordubete inguruko saioak Zurekin elkarteko hainbat sukaldarik. Doakoa da, herritar guztiei zuzenduta dago, eta Maxi Eroskiko gela batean sukaldatuko dute.

Zurekin ostalari elkarteko kidea da Julen Olazabal (Kirkilla jatetxea), eta berak azaldu du azaroan asteartero eta ostegunero Toldotxo pintxoa egiten erakutsiko dietela herritarrei. Asmoa da, izan ere, herritarrek ikastea beren etxean ere egiteko. Olazabalek zerrendatu ditu pintxoaren osagaiak: legatza, panadera patatak, piper berdea eta, azkenik, ogiarekin eta urdaiazpikoarekin egindako hondar pixka bat.

Gaur egun herriko hainbat tabernatan dastatu daiteke pintxo hau, eta taberna horietako sukaldariek erakutsiko diete herritarrei pintxoa egiten. Doakoa da, eta Maxi Eroski barruan dagoen Ikasgela gelan elkartuko dira parte hartzaileak. Astearte eta ostegunetan 18:30ean izango dira saioak, eta aurrez izena eman beharko da.

Izena emateko epea zabalik

Izena eman daiteke Eroskin bertan (harrera gunean), Turismo Bulegoan nahiz parte hartuko duten tabernetan. Hauek dira tabernak, zehazki: Itxas-Lur, Itxaski, Txiki Polit, Arguiñano jatetxea, Joe, Iruña, Euskalduna eta Salegi.

Saio bakoitzerako hogei partaideko muga jarri dute, eta adinari dagokionez, ez dute gutxienekorik zehaztu. Beraz, haurrek ere har dezakete parte, helduren batekin joanez gero.

Bi urteko ibilbidea

Zarauzko Udalari orain bi urte bururatu zitzaion herriarekin lotutako pintxoa sortzea. Ixidor Larrañaga Turismo zinegotziak azaldu du Zurekin elkartearengana jo zutela ideia horrekin, eta haiek Argiñano familiarekin harremanetan jarri ondoren sortu zela Toldotxo.

"Pintxo hau erreferentea izatea nahi dugu, eta horregatik orain pentsatu dugu show cooking hau egitea", gaineratu du Larrañagak. Berriro Zurekin elkartera jo, eta horiek Eroskirekin hitzartu dute lankidetza. Larrañagak biei eman dizkie eskerrak, ekimena antolatzeagatik.

Iratxe Maioz da Zarauzko Maxi Eroskiko Bezero Arretako arduraduna, eta berak azaldu du "jan osasuntsua sustatzea" dela Eroski Zurekin sailaren ardatza. Horregatik, eta herritarrengana gerturatzeagatik, ideia ona iruditu zitzaien pintxo ikastaro hau antolatzea. "Azaroko saioek arrakasta badute, ekimenarekin jarraitzea da asmoa", erantsi du.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide